2026-05-02
HomeJai inposaturik ez!Euskal errepublikaren bidean, guk, euskal konstituzioa

Euskal errepublikaren bidean, guk, euskal konstituzioa

Etzi da abenduaren 6a, Espainiako konstituzioaren urteurrena, lurralde krisi betean heltzen dena. Espainiatik alde egin nahi dugunok ari gara markatzen kurtso politikoa. 78az geroztik lotzen gaituzten kateak apurtzeko ordua da, burujabetzaren aldeko mugimenduaren indarraz.

Kaiola bihurtu dute Euskal Herriarentzat espainiar Konstituzioa. Kaiola, burujabetza eskubidea ukatzen duelako eta herria etengabe zigortu. Hala ere, gero eta gehiago gara kaiola horretatik irten nahi dugunak, oraindik indarrean diren auzi juridiko-politikoekin behin-betiko amaituz, euskal presoak etxera ekarriz, gatazkaren ondorioak gainditu eta burujabetzaren bidean aurrera egin ahal izateko.

Kaiola da konstituzioa, bereziki langileontzat, gure eskubideak txikitzeko aukerak ziurtatzen dizkiolako botere ekonomikoari. Eskubide sozial eta laboralak suntsitu egin dituzte, krisi ekonomikoaren aitzakiatan. Aplikatzen ari diren politiketan ez dago irtenbiderik, ez langileontzat behintzat. Euskal Herrian, Madrilera begira dagoen elite politikoaren otzantasuna eta morrontza ditu horretarako berme.

Krisia izan zen duela urte batzuk. Orain, prekarietatea. Erreformen arotik prekarietatearen arora ekarri gaituzte. 78ko konstituzioaren aterkipean garatu da kapitalismorik basatiena Espainian: oinarriak jarri dira lan harremanen desarauketan sakontzeko. Herritarren eskubideak eta askatasuna bermatzeko beharko zuketen lege eta arauak, herria isildu eta jazartzeko baliatzen ari dira. Langabezia, pobrezia, miseria hedatu dira eta arrakala soziala geroz eta gehiago handitu.

Gaur eta hemen, independentziaren aldarria benetako alternatiba bilakatu da, abertzale izan zein ez. Bestelako eredu sozial, ekonomiko eta politiko bat gauzatzeko bidea ematen digu. Euskal Herrian ere, burujabetzaren bidean abiadura bizkortzeko egokiera dugu. Abiada bizitu, herri libre bateranzko prozesua hauspotzeko.

Argi dugu. Herriak du giltza. Herri aktibazioa eta borondatea dira aldaketa sozial eta politikorako giltza, estatu propio bat eratzeko prozesu politikoaren oinarri eta abiapuntua. Jendartearen gehiengoaren nahiak erabakigarria izan behar du espainiar Estatua bizitzen ari den lurralde krisiaren aterabidea finkatzeko. Aldaketa konstituzionalaren eztabaidak emaitza bat eta bakarra behar du Euskal Herriarentzat: konstituzio propio bat eratzeko aukera, baina eskubide hori ez da berez emango, herri aktibaziotik etorriko da.

Euskal Herrian estatu propioa eraikitzea dugu helburu, Euskal Errepublika. Ez gara hutsetik hasten. Herri honen burujabetzaren bidean, eredu sozial eta ekonomiko berri baterako oinarriak zehaztuak ditugu Eskubide Sozialen Kartan. Hor daude Espainiak inposatzen digun diktadura ekonomiko eta politikoari aurre egiteko eta bizitza erdigunean kokatuko duen euskal jendarte justu bat eraikitzeko oinarriak.

Herri hau eta bertoko herritarrak independentziara eramango gaituen bidean akuilu izan behar du eremu sozial eta sindikalak, lehen mailako eragile aktibo. LAB sindikatuak eginahal horretan ekarpenak egiten jarraitzeko konpromiso irmoa du.

Erabakitzeko, eraldatzeko, eraikitzeko, herri libre eta justu baten bidean aurrera egiteko, guk, euskal langileok, euskal konstituzioa.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

00:02:45

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu da sindikatua Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.
00:13:27

Garbiñe Aranburu: “Inor atzean ez uztea da faxismoaren eta oldarraldi atzerakoiaren aurrean eman dezakegun erantzunik hoberena”

Langileok eragin da aurtengo leloa. Eragiten ari gara. Gaur berriro Euskal Herri osoan kalean gara, eskualdez eskualde. Aipamen berezia Ipar Euskal Herriko gure kideei. Urteetako lan nekaezinak emaitzak eman ditu, eta intersindikaleko sindikatuekin batera Baionan eta Maulen ere mobilizatu gara.

LABek sinatu du Nafarroako zahar egoitzetako lehen aurreakordioa, sei urteko borroka sindikalaren ostean

LAB sindikatuak Nafarroako zahar egoitzetako hitzarmen kolektiboaren lehen aurreakordioa sinatu du, sei urteko mobilizazio eta antolakuntza sindikala eta gero. Hitzarmenak hobekuntza nabarmenak izango ditu...