2024-05-06
HomeErrepresioaGiza eskubideen, bakearen eta konponbidearen alde larunbatean denok Donostiara

Giza eskubideen, bakearen eta konponbidearen alde larunbatean denok Donostiara

Eragile sozial, politiko eta sindikalen irakurketa operazio polizialaren aurrean eta giza eskubideen, konponbidearen eta pakearen aldeko mobilizaziorako deialdia.

Eragile sozial, politiko eta sindikalen irakurketa eta mobilizazio deialdia

04/08 EPAIKETAREN KIDEOK • ABOKATUAK • AHT ELKARLANA • ALTERNATIBA • ARALAR • BILGUNE FEMINISTA • CGT-LKN EUSKAL HERRIA • CNT • EA • EGIARI ZOR • EHE • EHNE • ELA • ERAIKI ARALAR • ERNAI • ESAIT • ESK • STEILAS • ETXERAT • EZKER GOGOA • GAZTE ABERTZALEAK • GITE-IPES • GOLDATU • HIRU • IKASLE ABERTZALEAK • LAB • LOKARRI • SORTU

GIZA ESKUBIDEAK, BAKEA ETA KONPONBIDEA

«Besteak beste, euskal presoen defentsa eta ordezkaritza legala egiten duten abokatuak eta beste herritar batzuk atxilotzea ekarri zuen egindako polizia operazioak denboran atzera begira jarri gintuen atzo, Euskal Herrian bizi izan ditugun azken urteak debaldekoak izango balira bezala. Atzoko sarekada soberan zegoen, atxilotutako pertsonak errez aurkitzeko modukoak direlako, operazioa agindu duen epailearen disposizioan jarri zirelako eta bere lana Audientzia Nazionalean, espetxeetan eta ezagupen publikoko bulegoetan egiten dutelako.

Elementu eta ezaugarri zehatzak erraz atzeman daitezke polizia operazio honen atzean. Izaera erabat politikoa daukan polizia operazioa da, eta sarekadaren benetako helburuak ez daukala zerikusirik Espainiako gobernuak esaten eta baieztatzen duenarekin.

Atxilotutako pertsonei eragiten dieten ondorio zuzenez gainera, era honetako ekinbideek behin eta berriro atzeratu dute herritar guztiei dagozkien oinarrizko eskubideak eta bermeak errespetatuak eta beteak izatea; egiazko demokrazia batean, eskubide eta berme horiek beste edozein interesen gainetik eta aurretik egon beharko lirateke.

Gero eta hedapen handiagoa duten eremu politikoak, juridikoak eta sozialak Espainiako Gobernuak indarrean daukan espetxe politika zalantzan jartzen duten unean iritsi dira atxiloketak. Elkartasun keinuak areagotzen doazen heinean, Estatuak kriminalizatu eta lapurtu ditu eta elkartasuna delitu bilakatu. PPren gobernuak euskal presoei ezartzen dien sakabanaketa politikaren ondorioz indarrean jartzen dituen salbuespen neurriak gero eta zilegitasun gutxiago dute gizartean.

Espetxe politikaren aurka larunbatean eginiko mobilizazio erraldoiaren ostean gauzatu dira atxiloketa hauek. Gaur bertan, Espainiako Auzitegi Gorenak Frantziako estatuko espetxetan zigorra bete duten presoen zigorra luzatzeaz erabaki behar du eta, atzo ere, ezker abertzaleko 35 kideren aurkako epaiketa zen abiatzekoa Audientzia Nazionalean, baina abokatuen atxiloketaren ostean atzeratu egin den epaiketa.

Atxiloketa hauek eraso zuzena dira bake, askatasun eta demokrazia egoera bat sortzeko egiten ari diren ahaleginei eta egoera sozial eta politiko berriari.

Egoera berri horren aurka egitearekin tematua dagoen estatua dugu aurrez aurre. Espainiako Gobernuak giza eskubideak zein eskubide zibil eta politikoak urratzen dituzten politikak garatzen ditu, gatazkari zein bere ondorioen konponbideri lagundu beharrean.

Bada garaia herri hau Espainiako estatuak kondenatu nahi duen zurrunbilotik ateratzeko; etorkizunari begiratzeko unea da, askatasunean, bakean eta demokrazian oinarrituko den etorkizuna eraikitzeko konpromisoak hartzekoa. Ez du denak balio. Ez gaude prest gure etorkizuna Espainiako Gobernuko agintari arduragabeen eskuetan uzteko. Euskal herritarrok bakean, demokrazian eta askatasunean bizi nahi dugula erabaki dugu. Atera gaitezen zurrunbilotik.

Horregatik, bertan bildu garen eragile politiko, sozial eta sindikalok honako deialdia egiten dugu:

Larunbat honetan arratsaldeko 17:00etan Donostiako Antiguako tuneletik.»
  

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.