2026-03-19
HomeEkintza SindikalaLABek sei neurri proposatu ditu, Elkarrizketa Sozialaren Holdingarekin amaitu eta lan harremanetarako...

LABek sei neurri proposatu ditu, Elkarrizketa Sozialaren Holdingarekin amaitu eta lan harremanetarako eredu berria sortzeko

Bihar osteguna, korrika eta presaka, Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sortzeko UPN-PSNren proposamena eztabaidatu eta bozkatuko da Nafarroako Parlamentuan. Kontrako iritzia berrestearekin batera, LABek sei neurri proposatzen ditu autonomia sindikala bermatuko duen eredu propio, demokratiko eta publikoa sortzeko.


LABen iritziz, nafar langileriaren kontura abarestu den elite ekonomiko eta politikoari mesede egiteko baino ez du balio izan Elkarrizketa Soziala delakoak. Publikoak beharko luketen zerbitzuengatik Patronala, UGT eta CCOOek urtero 20 milioi euro eramaten dituzten bitartean, nafar langileen lan eta bizi baldintzak zeharo okertu dira 1995ean Elkarrizketa Soziala abiatu zenetik.Gaur pobreagoak gara eta patronala aberatsagoa. Garai horretan soldatapeko 165.132 lagunek ondasunaren %44,4 eskuratzen zuten bitartean, orain askoz soldatapeko gehiagok (222.743) portzentai txikiagoa jasotzen dugu (%40,7). Langabezia hazi da, kaleratzea merkeagoa da, prekarietatea eta noraeza laborala hedatu da eta patronalak gero eta harroputzago jokatzen du. Urte gehiagotan lan egin behar dugu pentsio txikiagoa jaso hala izateko. Itxaron zerrendak luzatu egin dira Osasunbidean eta Ospitalean geure senideei zabor-janaria nola ematen dieten ikustera heldu gara. Irakasle guxiago eta ikasgelako ikasle gehiago dago. Babes sozialera bideratutako ondasun portzentaietan, Nafarroa Europako azkenetakoa da: Errumania eta Baltikoko herrialdeak besterik ez daude azpitik.
 
Arrazoi honengatik, Elkarrizketa Sozialaren Holdingari amaiera eman eta sei neurri hauetan oinarritutako eredu berria martxan jartzea proposatzen du LABek:
 
1. LAN HARREMANETARAKO ESPARRU PROPIOA
  • Madrilen aurrean blindatutako arautegi laboral propioa, eskubide laboralak berreskuratu eta zabaltzera bideratutakoa.
  • Nafarroako sektore publikoan negoziazio kolektiborako eskubidearen berreskurapena. Gobernuak ezingo du aplikatu inongo murrizketarik alde bakartasunez.
2. DEMOKRATIZAZIOA ETA LAN ARLOKO INSTITUZIOEN NORABIDE ALDAKETA
  • Lan Auzitegiaren eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren demokratizazioa. Biek ala biek langileria osoari ematen diote zerbitzua, bakoitzaren afiliazio sindikala gora-behera. Beraz, bere erabaki esparruetan parte hartzeko aukera eman behar zaie Nafarroan ordezkaritza duten sindikatu guztiei.
  • Lan Auzitegia, Nafarroako Enplegu Zerbitzua nahiz Lan Osasunaren Institutuaren norabide aldaketa, eskubide laboralen defentsa eta hobekuntzarako tresna eraginkorrak izan daitezen.
  • Lan harremanetarako organo publiko baten sorrera. Nafarroan ordezkaritza sindikala duten sindikatu guztiek parte hartu ahalko dute bertan, inolako baldintza ideologikorik gabe.
  • Nafarroarako Lan Ikuskaritza propio baten sorrera.
3. LAN PRESTAKUNTZARAKO SISTEMA PUBLIKOA
  • Lan prestakuntzarako sare publikoa. Nafarroako Gobernuak zehaztuko du bere eskaintza, udalen, enpresen eta sindikatu guztien parte hartzearekin.
  • Hezkuntza Saileko langileek emango dituzte ikastaro horiek, lanbide heziketako ikastetxeetan edota bestelakoetan, lanbide heziketarekin sinergiak sortuz.
  • Gaur egun CEN, UGT eta CCOOek eramaten duten diru publikoa lan prestakuntzako sare honetara bideratuko balitz, A mailako 607 irakasle kontratatu ahalko lirateke. Honek hezkuntza sistema publikoa indartu ez ezik lan prestakuntza hobetu ere egingo luke, lanbide heziketarekiko sinergiei esker.
4. SINDIKATUEN FINANTZIAZIO PUBLIKO OBJEKTIBOA
  • Sindikatuei ematen zaizkien dirulaguntza publikoak objektiboak eta sindikatu bakoitzaren ordezkaritzaren araberakoak izan behar dira. Nahierara emandako dirulaguntza oro ezabatu beharra dago. Neurri hau da sindikalismo autonomo baterako bermea.
5. ENPLEGUA ESKURATZEKO AUKERA BERDINTASUNA
  • Nafarroako lantoki askotan ematen den diskriminazio bikoitza (afiliazio sindikalaren nahiz sexuaren araberakoa) ezabatu beharra dago. KYBSEko eredua, beharrezkoak diren hobekuntzekin, Nafarroako gainontzeko lantokietara zabaltzea proposatzen dugu: enplegu poltsa osatu, parekidea (%50 gizonak, %50 emakumeak) eta zozketa bidez.
6. ASKATASUN SINDIKALEN BEHATOKIA
  • Nafarroako lantokietan askatasun sindikalak babestu eta hauteskunde sindikaletan berme demokratikoak berma daitezen, erakunde publiko baten sorrera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.