2026-09-19
HomeEkintza SindikalaArabako Metalgintzan mobilizazioak, lanuzteak eta grebak proposatuko ditugu lan baldintza duinak lortzeko

Arabako Metalgintzan mobilizazioak, lanuzteak eta grebak proposatuko ditugu lan baldintza duinak lortzeko

LABek Arabako Metalgintzaren egoera aztertu eta ondorio argia atera du: ezinbestekoa da borroka fase batean sartzea. Hortaz, gainontzeko sindikatuei proposamen hori luzatuko diegu: sindikatu guztiok, oinarri batzuk adostuta, Arabako Metalgintzako langileok borrokara deitzea, hau da, mobilizazioak, lanuzteak eta grebak antolatzea, beti ere sektorean lan baldintza duinak lortzea helburu.

LABen ustez, nabaria da Arabako Metalagintzak arazo ugari dituela eta SEA patronalak ez diela aurre egin nahi: soldata txikiak handitzeko igoera eskasak, lanaldi luzea (Euskal Herriko luzeena) ez du inolaz ere jaitsi nahi, kontratazioaren iruzur handiaren kontra ezer ez, aldibatekotasuna izugarria jaisteko ezer ere ez, azpikontrateko prekaritateari aurre egiteko subrogazioa ez du onartzen, berdintasuna erreala gutxiesten du, lan istripuak ekiditeko ezer ez, bajan egonda soldata ez galtzeaz ez du entzun nahi, kontziliazioa eta erantzukidetasuna errazteko ezer ez, plantilak biziberritzeko errelebu kontratuari ez… 

Hortaz, SEA patronala ez da apenas mugitu hiru urtetan, negoziazioa bahituta dauka eta denbora pasatzen uztea besterik ez du egiten.

Hori dela eta, LABeko militantziak erabaki du ezin dugula geldirik jarraitu. Arabako Metalgintzako langileen batzar bat burutu eta bertan onartu da sindikatuaren proposamen berria: beste sindikatuekin oinarri batzuk adostu, borroka dinamika amankomuna abiatzeko. Borroka dinamika horretan adostu beharko zen, LABen ustez, sektoreko langileak mobilizazio, lanuzte eta grebetara deitzea, lan baldintzak duintzeko helburuz.

Proposamen hori LABek gainontzeko sindikatuei helaraziko die hurrengo egunetan, konbikzio argi batekin: soilik langileen mobilizazio eta aktibazioarekin lortuko dugu sektoreko arazoei erantzungo dien hitzarmen duin bat. Lan baldintza duinak ez dira zerutik etorriko, baizik eta langileen borrokatik. Hori da, hain zuzen ere, LABek bultzatuko duena.

Gauzak horrela, espero dugu Arabako Metalgintzan borroka amankomuna ahalik eta lasterren gauzatzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.