2026-09-30
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaLan istripuak ekiditeko hitzetatik haratago joan dadin eskatzen dio LABek Bilboko Udalari

Lan istripuak ekiditeko hitzetatik haratago joan dadin eskatzen dio LABek Bilboko Udalari

LABek positiboki baloratzen du Bilboko Udalak lehen aldiz Arangoiti auzoko etxebizitzetan gertatutako istripu mortalaren inguruan onartutako adierazpen bateratua, baina hitzetatik haratago joan daitezela eskatu die udal ordezkariei. Irtenbideak jartzeko unea da LABentzat, lan baldintza duinak ziurtatu eta langileon bizitza eta osasunaren galera saiestuko dituzten neurriak ezartzeko unea.

LABen irakurketa Bilboko Udaletxeek onartutako adierazpen bateratuaren aurrean

Irailaren 1ean arangoiti auzoko etxebizitza batzuetan gertaturiko istripu mortalaren inguruan, Bilboko udaleko bozeramaileen biltzarretik adierazpen bateratu bat bidali da eta kontzentrazio bat ere deitu da gaurko irailaren 3a eguerdiko 12etan udaleko eskaileretan.

LAB sindikatutik positiboa ikusten dugu udaletik lehen aldiz zerbait planteatzea, udaletxeko obretan gertaturiko istripuetan ere (udalaren anpliazio lanetan gertaturiko istripu mortala kasu) ez bait da aurrerapausurik eman udal korporaziotik.

Hau esan ostean, uste dugu ezin dela gelditu deklarazio eta kontzentrazioak egitean soilik, baizik eta, beharrezkoak direla osasun edo biziaren galera saiestuko duten lan eta enplegu baldintzak bermatzea. Beharrezkoa da hainbat obra eta zerbitzuren promotorea den horrek (udala zein diru publikoa erabiliz enpresa pribatuak izan) egiten diren obretan ondorengoak bermatzea: epe egokiak, hitzarmen probintzialaren mantentzea, kate-subkontratazioaren limitazioa, prekarietateari aurre egitea, enplegua bermatzea, segurtasun eta osasun plan errealak egitea, neurri prebentibo efikazak hartzea, segurtasun eta osasun koordinatzailearen papera, etab. Eta baldintza guzti horiek bete daitezen neurriak jarri behar dituzte.

Bilbon egiten ari diren obretan ematen diren irregulartasunak ezagutuz eta laister Zorrozaurren egingo den obra dela eta, LAB sindikatutik, udaleko talde politiko guztiekin batzartzea eskatu genuen, klausula sozialak direlakoetan aurrerapausuak emateko helburuaz. Talde politiko guztiekin batzartu ginen, PP rekin izan ezik gure gonbitea errefusatu zuelako. PNV eta PSOE-PSEk Gipuzkoan onartutako klausula sozialak ez zutela balio juridikorik erantzun ziguten, mahai gainean inolako alternatibarik jarri gabe eta beste ezer erantzun gabe.

Gainera EH Bilduk klausula sozialen inguran aurkeztutako mozioa ez zen aurrera atera PNVak aurkeztutako emendakin baten ondorioz. Emendakin hura PNV eta PPren bozkei esker onartu zen. Emendakin horrek ez zekarren inongo klausula sozialik eta hitz ederrez beteriko adierazpen batera mugatzen zen, gai honen inguruko inongo konpromisorik hartu gabe.

Guzti honegatik, pausu bat haratago ematea eskatzen dugu, alde batetik abian diren lanen jarraipena egiteko mekanismoak inplementatuz eta bestetik klausula sozialak ezarriz eta enpleguaren kalitatea bermatuz, Bilboko udala atzean dagoen obretan aurrerapausuak eman daitezen eskatzen dugu. Espero dugu elkarretaratze hau inflexio puntu bat izatea, alderdien posizio aldaketa bat klausula soziala ber-hartzeko eta udaletxeko osoko bilkuran onartuak izan daitezen, eta honela datozen lizitazioetan aplikatu daitezen. Ezin da onartu “mendeko obra” (honela kalifikatu zuen alkateak) lan baldintzak izkutuan mantenduz, lan Osasuna eta langileen bizitza arriskuan jarriz burutzea.

Hortarako, talde politiko guztiak interpelatzen jarraituko dugu proposamenak egiteko eta behingoz gai honetan aurrera egin dezagun elkartasun adierazpena eta konzentrazioetatik haratago. Ez da kexatzeko unea, soluzioak jartzekoa baizik, lan balditza duinak ziurtatu eta langileon bizitza eta osasunaren galera saiestuko dituzten neurriak ezarriz.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...