2025-12-05
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaLABi erantzunez Udalhitz hitzarmena berritzeko Toki-administrazioaren Negoziazio mahaia deitu da

LABi erantzunez Udalhitz hitzarmena berritzeko Toki-administrazioaren Negoziazio mahaia deitu da

Martxoan LABek Negoziazio Mahaia biltzeko eginiko eskariaren harira, ostegun honetan, hilaren 17an, EUDELek UDALHITZ hitzarmena berritzeko Toki-administrazioaren Negoziazio Mahaira deitu ditu sindikatuak. LABek hiru ardatz lehenesten ditu: lan-sariak, enplegua eta zerbitzu publikoen eredu berria eraikitzeko neurriak hartzea.

LABek mahaia biltzeko eskaria egin zuen Udal eta Foru administrazioko langileok 2010etik gure lan-baldintzak jasotzen dituen hitzarmena negoziatu ezinik gaudelako. Ordutik, instituzioetako arduradunek Estatuko oinarrizko legeek gure negoziazio esparrua ukatzen dutela esaten dute, alegia, gure esparruan Estatutik datozen murrizketak aplikatu besterik ezin dela egin.

Negoziazio Kolektiboan LAB sindikatuak hiru ardatz nagusi lehenesten ditu, langileon lan-baldintzak hobetzeko beste neurriei garrantzia kendu gabe, jakina. Gai hauei heltzeko eta ondorioz negoziatzeko eta adosteko borondatea egon beharko litzateke EUDELen aldetik, akordioa erdiestea nahi izango badugu. Hauexek dira, bada, hiru ardatzok:

-Lan-sarien inguruko akordioa: hitzarmenaren indarraldirako soldata igoerak adostea, 2012ko abenduko paga ordaintzea eta azken urteotan langileok galdutako eros- ahalmena berreskuratzeko akordioa.

-Enplegua: azken urteotan enpleguaren suntsiketa eragin duten neurriak atzera botatzea (ordezkapenak mugatzea, jubilatzen diren pertsonen lanpostuen amortizazioak, lanaldiaren luzapenak…) eta enplegu berria sortzeko neurriak martxan jartzea, beharrezkoak diren EPEak eginez.

-Herritarren onurarako zerbitzu publikoen eredu berria eraikitzeko neurriak. Alde batetik, kudeaketa publiko eta gardenaren bermea –pribatizazioak geldituz eta errebertsio planak sustatuz– eta, bestetik, ezinbesteko neurriak diren hauek: zerbitzuak euskalduntzeko eta genero berdintasuna bermatzeko planak, eta zerbitzu publikoen definizio eta garapenean langileen iritzia kontuan hartzeko eta langileen parte hartzea bermatzeko neurriak, besteak beste.

Aurrekoaz gain, funtsezkoa da balizko akordioak betetzeko instituzioen konpromiso irmoa, alegia, bertako negoziazio esparrua aintzat hartuta euskal langile eta instituzioen artean erdietsitako akordioak defendatzea, bidean egon litezkeen oztopo eta eragozpenak –Estatuko neurri legalak edota murrizketak– modu adostuan gaindituz. Alde biek printzipio honekiko atxikimendua adieraztea ezinbestekoa jotzen dugu LABetik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...