2026-08-01
HomeLAB SindikatuaIRAULTZEN ALDIZKARIA«BORROKA KOLEKTIBOA IZAN DA, DENOK BIDE BERA HARTU DUGU"»

«BORROKA KOLEKTIBOA IZAN DA, DENOK BIDE BERA HARTU DUGU”»


Langileen egunerokoan ohiko bilakatu dira mehatxuak. Hau gutxi balitz erreformak esku artean izanik patronalarentzat inoiz baino errazagoa da mehatxu hauek errealitate egitea. Egoera oztopatzeko langileei aukera bakarra geratzen zaie, elkartu eta denak batera borroka egitea. Horren adibide dira Villavesa hiri garraioko langileek eta Unipapel enpresako plantilak aurrera eramandako borrokak. Beren esperientzia kontatu digute Arturo Noain Villavesako delegatuak eta Pello de la Cruz eta Irantzu Arratibel Unipapeleko ordezkariek.

Erreformen babesarekin, Villabesaren kasuan, edo bestelako sal-erosketak tarteko, Unipapel enpresan gertatu den bezala, langileen lan baldintzak, baita lana bera ere kolokan geratu ziren. Arturo Noainek azaldu zuenez, enpresak hitzarmena aplikatzeari uzteko asmoa erakutsi zuen eta soldatak %10 jeistea “proposatu”. Egoera honen aurrean, langileek akordio batera iristeko hainbat saiakera egin arren, “enpresak ez zuen negoziatzeko inongo borondaterik, eta are okerragoa dena, negoziazioetan aurre joan ahala enpresaren proposamenak geroz eta kaskarragoak ziren”. Unipapeleko langileen bizipena ezberdina izan zen, Pello de la Cruzek gogoratu zuen langileek “kanpotik” jakin zutela Unipapeleko produkzioko hiru enpresak saldu egin zirela, eta denborak, zituzten susmoak egiaztatu zituen, “hemengo produkzioaren zati nagusia Logroñora eramateko asmoa zutenez, honek enpresaren itxiera ekarriko zuen”.

Erasoa edozein izanda ere, langileen erantzuna berehalakoa eta irmoa izan zen. Villavesan, negoziazioek ez zutela akordio bat lortzeko aukerarik eman ikusirik, greba mugagabean hasi ziren, honen helburua “eros ahalmena mantendu eta hitzarmena erreformaren aurrean blindatzea” zen. Unipapeleko langileek, beren aldetik, hasi zuten greba bertan behera uzteko bi baldintza betetzea eskatzen zioten zuzendaritzari “bi urtez produkzioa Logroñora ez eramateko konpromisoa eta soldatak mantentzea”.

Langileak momentu bakar batean ere ez zirela “kikildu” dio harrotasunez Irantzu Arratibelek, are gehiago, “produkzioa ateratzen saiatu zirenean, enpresak hanka sartu zuen, Ertzainek gure kontra erabilitako indarkeriaren aurrean kemena erakutsi genuen eta indar erakustaldi horrek eserrarazi zituen”. Hain zuzen ere, Unipapeleko ordezkariek bi egun geroago aurreakordio bat izenpetu zuten. Beren aldetik, Villabesako grebaren amaiera gazi-gozoa izan da, alde batetik Noainek argi du “borrokak balio” duela, lortutako akordiora iristeko “enpresak asko utzi du bidean”, baina aldi berean kontziente da aurrera egiteko indar nahikoa egon arren “eros ahalmenari uko egin” zaiola.

Enpresa bateko zein bestekoak bat datoz borrokaren balioa azpimarratzerako orduan, baina borroka bera baino, honen gestioa eta elkarlana nabarmendu dituzte. Arratibelen ustez “gatazka kolektiboa izan da, denok bide bera hartu dugu” eta iritzi berekoa da Arturo Noain, honen hitzetan “plantilak batera egin du aurrera”.

{linkr:related;keywords:iraultzenElkarrizketa;limit:15;title:Bideo+gehiago}

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto Martínez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.