2024-05-06
HomeEkintza PolitikoaLABen irakurketa dispertsio politikaren 25. urteurrenean

LABen irakurketa dispertsio politikaren 25. urteurrenean

Bihar beteko dira 25 urte dispertsio politika martxan jarri zutenetik, hori da zoritxarrez gogoratu behar dugun data, dispertsioarekin bukatu genuen eguna ospatzerik ez dugulako oraindik.

25 urte bete diren honetan, hau da LABetik egiten dugun irakurketa:

• Politika honen arduradunek ez dute ezer ospatzeko, dispertsio politikak porrot egin duelako bere helburuetan. Dispertsioa martxan jarri zuten euskal preso politikoen kolektiboa apurtzeko eta preso bakoitza suntsitzeko. Ez bata, ez bestea. Ez dute lortu. 25 urte hauetan neurririk gabeko bidegabekeriak aurrez aurre izan du euskal preso politikoen duintasuna eta irmotasuna.

• Helburu politikoak ez dituzte bete, baina sufrimendua erruz sortu dute 25 urte hauetan. Sufrimendua presoentzat, senideentzat, baita lagunentzat ere. Mota guztietako sufrimenduaz ari gara; agerikoena urruntzea izan da, eta horrek familiakoei eragindako zigorra. 16 hildako, inork konponduko ez duen miña. Baina politika honek adar asko ditu: sakabanaketa, isolamendua, indefentsioa… Oinarrizko eskubide zibilen etengabeko urraketa eta noski, parte hartze politikoa ezinezkoa egitea.

• Askotan zaila da ulertzea nola gainditu dugun hainbeste kalte eta sufrimendu. Gure ustez azalpen bakarra dauka: 25 urteko dispertsioak 25 urteko borroka ekarri du, 25 urtez euskal preso politikoak borrokan euren eskubideen alde, senide eta lagunak borrokan dispertsioaren ondorioen kontra, herritarrak borrokan dispertsioarekin amaitzeko, baita dispertsioaren atzean dagoen arazo politikoa konpontzeko ere.

• Dispertsioak euskal preso politikoen aldeko borroka eta elkartasuna sortu duela bistan da. Bidegabekeria honen aurrean euskal jendarteak ozen adierazi du bere jarrera. Sakabanaketarekin amaitzearen aldarriak euskal jendartearen gehiengo zabal baten babesa du. Euskal herritarron gehiengoaren aldarria da, eta gehiengo horren lorpena izango da. LABetik borroka honetan inplikatu zareten eta konpromisoz jardun duzuen langile guztien lana txalotu nahi dugu gaurkoan. Konpromiso horiek berretsiz, lanean jarraitzera deitzen zaituztegu: dispertsioaren kontrako borroka lantokiz lantoki indartuz, presoen aldeko elkartasuna zabalduz eta elikatuz langileen artean, presoei gure babesa eta beroa helaraziz.

• Atzera begiratuz, hamaika dira dispertsioarekin amaiatzeko egin ditugun mobilizazioak, ekimenak eta Euskal Herriak ezagutu dituen iniziatibak. Euskal sindikalgintza ez da borroka honetatik at egon. Gogora ekarri nahi ditugu Batera plafafoman eman urratsak, presoen alde burututako elkarteratze sindikalak, presoak Euskal Herriratzearen alde eraikitako adostasun sindikalak.

• Dispertsio politikak 25 urte betetzea onartezina da eta bizi dugun momentu politikoan dispertso politika mantentzea eta presoen kontrako neurriak biderkatzea orandik eta salagarriagoa da. ETAk borroka armatua betirako utzi zuenetik preso politikoen bizi baldintzak okertu egin dituzte kasu askotan. Dispertsioak ziurtatzen du hori posible egitea. Sakabanaketarekin amaitzea da egoera horri buelta emateko bidea.

• Ez dago aitzikiarik, dispertsioa eta gainontzeko salbuespen politikak bertan behera utzi behar dira. Egiten ez badute, preso politikoen kontrako politikekin Euskal Herriari begirako bestelako helburu politikoak bilatzen dituztelako da. Ez bestetik.

• Dispetsio politikak gaur ez du inolako lekurik, ezta justifikaziorik ere. Zenbat aldiz eta zenbaten ahotan entzun genuen “Borroka armatua bukatzean presoak Euskal Herrira hurrengo egunean”. Zein da orain arazoa? Ez diogu espainiar Gobernuari begiratzen galdera hau egiten dugunean, dispertsioaren kontra borrokatu behar dugunok gure buruari egin beharreko galdera da hau.

• Aro berriak ez ditu jarrera berriak ekarri Estatuen aldetik; aro berria Euskal Herrian ireki delako gure iritziz. Euskal Herrian baldintza eta aukera berriak ditugu askok usteltze bidean ikusi nahi zituzten aldarrikapenei indaberriz heltzeko. Presoak etxeratzeko bidean Euskal Herrira ekartzea da horietako aldarri bat, Euskal Herriak horrela eskatu duelako.

• Euskal jendartearen gehiengoaren nahiei erantzungo badiegu, dispertsioarekin amaitzea lehentasunezko helburu hartu behar dugu. LABen iritziz momentua da sindikalgintzatik gure konpromisoak berritzeko eta gure ahaleginak indartzeko. Gehiengo sindikalaren eskutik norabide horretan sakontzeko prest da LAB; indarrak batuz eta adostasunak eraikiz, orain baino lehen egin izan dugun moduan.

• Egoera politikoak dispertsioarekin amaitzeko aukerak eskaintzen ditu. Eta konponbide prozesuak dispertsoa bukatzea eskatzen du. Ezinezkoa da ehundaka preso politiko dituen herrian normalizazio politikoa lortzea. Ezinezkoa da gatazka politikoa atzean uztea, horren ondorio den preso politikoen auziari irtenbiderik eman gabe. Ezinezkoa da bakea eraikitzea gatazkarako diseinatuak dauden politikekin, eta hori da, hain zuzen ere, dispertsio politika.

LABetik dei egiten diegu Euskal Herriko langileei sakabanaketaren kontrako borrokari segida emateko, gaur arte bezala, Euskal Presoak Euskal Herriratzearen aldeko borroka lan munduan eginez eta lan mundutik indartuz. Hori dela eta, biharko mobilizazioetan parte hartzera deitzen zaituztegu, eta LABeko kideei irakurketa hau lantokietan zabaltzeko eskatzen dizuegu.

2014 Euskal Presoak Euskal Herrian batzeko urtea dela esan genuen urte hasieran. Hori da erronka, hori da helburua. Euskal Herriak behar duelako, euskal preso politikoek merezi dutelako eta gatazka konpontzeko ezinbestekoa delako.
Besarkada gorri handi bat dispertsioak kaltetu eta kolpatu zaituzten preso eta senide guztiei.

Euskal Herrian, 2014ko maiatzaren 14an

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.