2026-10-01
HomeEkintza SindikalaKalitatezko osasungintza publikoaren alde irten gara berriro kalera

Kalitatezko osasungintza publikoaren alde irten gara berriro kalera

Auto karabanak egin ditugu goizean goizetik EAEko hiriburuetan, Osakidetzari benetako negoziazioazioa eskatu eta osasungintza publikoaren alde. Hain zuzen ere, Osakidetzak sindikatuon aldarrikapenei erantzuteko eta osasun-sistema publikoaren egiturazko arazo larriei irtenbidea emateko erakutsi duen borondate eza ikusita, mobilizazio-dinamika bat jarri dugu abian.

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT ETA ESK sindikatuon oharra:

LAB, SATSE, ELA, CCOO, UGT eta ESK sindikatuok urteak daramatzagu gure osasun-sistema publikoak dituen egiturazko gabeziak salatzen, baita Osakidetzaren eta Osasun Sailaren negoziatzeko borondaterik eza ere; izan ere, Osasuneko Mahai Sektoriala edukirik gabeko esparrua bihurtu da, bertan ez da ezer negoziatzen, Osakidetzak bere intereserako erabiltzen duelarik.

Osakidetza noraezean dabil lan-harremanetan, eta horren ondorioz, lan-baldintzei, enpleguari eta lan-prekarietateari buruzko edo langileen segurtasuna eta osasuna babesteari buruzko alde bakarreko erabakiak judizializatzen ari gara, besteak beste. Mobilizazioak bultzatu ditugu ere Osakidetzaren inposaketen eta konponbiderik ezaren aurrean. Denbora asko daramagu informazioa eta entzunak izateko zain, gure negoziazio kolektiborako eskubidea errespetatu gabe. Administrazio Publikoko enpresarik handienean ez dago alde sozialaren aintzatespenik.

Testuinguru horretan, azken hamarkadako murrizketa-politikek osasun-sistema ahuldu dute eta, zalantzarik gabe, horrek baldintzatu egin du egungo osasun-krisiari emandako erantzuna. Martxotik aurrera pairatzen ari garen pandemiak langileak eta osasun-sistema publikoa bera gainkargatu du eta agerian utzi ditu urrutitik datozen egiturazko gabeziak. Azken urteetan, Osasun Sailak ez du izan horiek konpontzeko inolako borondaterik.  

Bost hilabete baino gehiago Mahai Sektoriala bildu gabe egon ondoren, azaroaren 26an eta abenduaren 10ean izandako bileretan egiaztatu dugu, Osakidetzak ez duela borondaterik gure osasun publikoak pairatzen dituen egiturazko arazo larriak behingoz aztertzeko eta konpontzeko. Gabezia horiek urrutitik datoz, eta pandemiak areagotu egin ditu. Are gehiago, COVIDaren lehen olatutik 8 hilabete igaro direnean, Osakidetzak argi eta garbi planteatu du pandemiari aurre egiteko duen plan bakarra dela langileak estutzen jarraitzea.

Bizi dugun egoera larria ikusita, premiazko bilera bat eskatu diogu Osasun Sailburuari. Izan ere, Osakidetzako zuzendaritzak berak bideratu gaitu Sailburuarengana, gure aldarrikapen batzuk bere eskumenekoak ez direla argudiatuz.

Era berean, eta aurreko astean iragarri genuen bezala, bihar, hiru hiriburuak zeharkatuko dituen kotxe karabana batekin hasiko den mobilizazio dinamika jarri dugu martxan. Mobilizazioak abenduko asteazkenetan eta urtarrileko ostegunetan izango dira, eta urtarrilaren 28an greba deituko dugu. 

Osasun Sailburuari eskatzen diogu hitzetatik ekintzetara pasatzeko eta borondate oneko adierazpenetatik harago, martxan jar ditzala Osakidetzak behar dituen premiazko konponbide sakonak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.