2026-08-01
HomeEkintza SindikalaDeslokalizazioari buruzko legea errefusatzen dugu, lege hori onartu duten moduan hasierako proposamenean...

Deslokalizazioari buruzko legea errefusatzen dugu, lege hori onartu duten moduan hasierako proposamenean sakondu beharrean edukiz hustu dutelako

“Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko Foru Legea” onartu zuen atzo eguerdian Nafarroako Parlamentuak, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin. Horren harira, LAB sindikatuak gogoratu nahi du aldez aurretik errana zuela halako lege bat ontzat joko zuela baldin eta hasierako helburuetan gehiago sakontzen bazuen, baldin eta edukiz husten ez bazuten. Bada, atzo onartu zuten legeak erakusten du LABek zituen kezkek bazutela oinarririk. Hartara, sindikatuak lege hori errefusatu behar du.

LAB sindikatuak behar-beharrezkotzat jotzen du enpresen deslokalizazioa eragotziko duen lege bat. Nafarroako Gobernua ez da batere eraginkorra ehunka langileren enpleguak defendatzeko diru laguntza publikoetan milioiak jasotzen dituzten multinazionalen aurrean, ondoren, lanpostuak suntsitzeko, lantegia alde bakarretik eta inolako erantzukizunik gabe itxiz. Horrek agerian uzten du multinazionalek gobernuek baino botere handiagoa dutela. Horregatik, nahitaezkoa da lege bat izatea laguntza publikoen onuradun diren enpresak deslokalizatzea saihesteko.

Bide horretan, LABek ontzat jo zuen EH Bilduk eginiko lege proposamena, baina eskatu zuen helburuetan gehiago sakontzeko eta, horregatik, hainbat proposamen egin zizkien alderdi guztiei. EH Bilduk bakarrik jaso zituen LABen proposamenak, eta bertze alderdiek gure ekarpenak jaso ez eta, gainera, edukiz hustu dute hasierako proposamena.

PSNk, Geroa Baik eta Podemosek zergatik ez dute babesten, LABek eskatu bezala, azpikontrataritako langileak kontuan hartzea (batez ere enpresa nagusiaren deslokalizazioaren ondorioz beren enplegua suntsituta ikusten duten emakumeak)? Zergatik ez dute nahi kontrol, jarraipen eta ebaluazio mekanismo zorrotzak ezartzea lege hau benetan eta eraginkortasunez betetzeko? Zergatik uzten dute atea zabalik I+G+b arloko diru-laguntza guztiak (milioi euroak) lege honetatik kanpo uzteko? Horiek dira Nafarroako gizarte osoari zor dizkioten erantzunak.

Herritarrek, eta sindikatu honek, nahi dute diru publikoa jasotzen duen enpresa bat langileen etorkizunarekin konprometitzea eta haien enpleguak bermatzea; eta Gobernuak kontrol neurriak hartzeko eta diru publikoa berreskuratzeko gaitasuna izatea, zikoizkeriaren eta enpresa-boterearen aurrean. Baina atzo onartu zuten legeak ez du halakorik lortuko. Eta, horregatik, LAB sindikatuak mobilizatzen jarraituko du, errealitate hau aldatzeko, enpresen diru-goseari amaiera emateko, enpleguak defendatzeko eta langile guztientzako etorkizun duin bat lortzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.