2026-06-19
HomeBidalketak2013Berriro gerta ez dadin salbuespen neurriak eten

Berriro gerta ez dadin salbuespen neurriak eten

Salbuespen neurrien aurka ostiralean eta larunbatean egingo diren herri mobilizazioarekin bat egiten du LAB sindikatuak, eta bertan parte hartzeko deia egiten die euskal langileei.

MOBILIZAZIOAK

Bihar, OSTIRALA, apirilak 5, eguerdian elkarretaratzeak Gasteiz (13:00etan Andra Mari Zurian), Bilbo (12:00etan Udaletxearen atarian), Galdakao (13:00etan Udaletxe atarian), Basauri (13:00etan Udaletxe atarian) Iruñea (11:15etan Udaletxe plazan), Baiona (19:00etan Herriko Etxearen aitzinean) eta Donostian (12:00etan Udaletxe atarian).

LARUNBATA, apirilak 6, 17,30etan herri mobilizazioa BILBON, La Casillatik.

Ezer baino lehen, LABek bere elkartasuna eta sostengua helarazi nahi die Xabier Lopez Peñaren familia eta lagunei, momentu latz hauetan.

Fleuryko espetxean, dispertsio politikaren eraginez etxetik 1.000 kilometrora, preso zelarik osasun egoerak okerrera egin eta hamabi egunera hil da Lopez Peña. Senide edo lagun baten heriotzak berez dakarren mina areago, larriago, latzago bihurtzen da, lagun edo senide hori preso denean, lagun edo senide horri salbuespeneko neurriak ezarri zaizkionean, bere egoeraren gaineko isiltasuna eta bisiten oztopatzea eman denean, eta finean, presoarekiko ez ezik bere familiarekiko mendekuzko jokabide ankerra azken muturrera eramana izan denean.

Presoaren egoera familiari ezkutatu izana (ospitalizazioa eman eta 8 egun geroago, espetxeko beste presoen eskutik jakin zuen familiak gertaeren berri), mediku agiri bakar bat ere helarazi ez izana, bisitak eta harremana galarazi izana… Lopez Peñaren heriotzaren inguruko gertaerak ilunak eta oso larriak dira, eta heriotz honen atzean dauden erantzukizun guztiak, politikoak nahiz penalak, argitzea eskatzen dugu.

Jazoera larri honen aurrean, salbuespeneko neurriak eteteko eskatuz Herrirak deitutako mobilizazioekin bat egiten du LABek eta dei egiten die langileei bereziki eta euskal jendarteari orohar, deitutako protestetan parte hartzeko. Astean zehar hainbat herritan egingo diren elkarretaratzeez gain, azpimarratu nahi dugu bereziki, larunbatean Bilboko kaleak hartuko dituen herri mobilizazioa, Berriro gerta ez dadin, salbuespen neurriak Eten. Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea, lelopean egingo dena.

Behin ere gertatu behar ez zuketen, baina behin eta berriz errepikatzen diren oinarrizko giza eskubideen urraketak behin betiko amaitzea ezinbestekoa da. Martxoak balantze benetan beltza utzi digu: hildako bi euskal preso (Xabier López Peña eta Angel Figeroa Algortarra), dispertsioak eragindako istripuak (Jabi Martinez presoaren lagunek Jaenetik bueltan izandakoa), presoen kontrako jipioak eta tratu txarrak (azkenak, Oskar Barrerasen eta Arkaitz Bellonek salatutakoak)… Euskal jendarteak konponbidearen alde egiten duen aldarria gero eta ozenagoa den bitartean, Estatuak, espainiarra zein frantziarra, gero eta gorrago agertzen dira exijentzia horren aurrean.

Espetxe politika anker honek (dispertsioa, Parot Doktrina, salbuespen neurriak, osasun eskubidearen ukazioa etab.) sufrimendua dauka oinarri eta irauten duen bitartean atzera bueltarik ez duten ondorio lazgarriak pairatzen jarraituko du euskal jendarteak. Mendekuaz gain, bere oinarrian gatazka politikoari aurre ez egiteko determinazioa ere badago espetxe politika horren funtsean. Gatazkaren konponbiderako presoen aferari ekitea premiazkoa den heinean, Estatua (bata zein bestea) horren jakitun, antzinako errezetetan tematzen da, dagoeneko eutsiezinezkoa den blokeoari helduta.

Herri honek giza eskubide guztien errespetua exijitzen du. Herri honek bake eta konponbiderako bidea behingoz jorratzeko exijitzen du eta, Estatuek exijentzia hori ukatu arren, euskal jendarteak ez du etsiko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.