2026-05-14
HomeEuskal GatazkaGehiengo sindikalak espainiar Estatuari eskatzen dio gehiago atzeratu gabe SORTU legezta dezala

Gehiengo sindikalak espainiar Estatuari eskatzen dio gehiago atzeratu gabe SORTU legezta dezala

Euskal gehiengo sindikala osatzen dugun sindikatuok alderdien legea indargabetzea exijitu izan dugu bera onartu zen unetik, eta sarri arbuiatu izan ditugu jendaurrean lege horren zein 2001eko abenduko itun antiterroristaren baitan sigla politiko eta hautes-plataformak legez kanpo jartzeko prozesuak.
Alderdien Legea berariaz sortu zuten ideia jakin batzuk defenditzen dituzten herritarren kriminalizazio kolektiboa eragin eta euskal gizartearen adierazpide politiko bat ezabatzeko. Lege hau salbuespen-estatu bati dagokio, eta zuzenbide-estatu demokratiko batean ez dauka tokirik.

Espainiar estatuan eztabaida piztu da SORTU alderdi politikoa eratu eta berau erregistratzeko eskaria dela-eta; horrek areago utzi du agerian lege hura zenbateraino den salbuespenezkoa.

Euskal gehiengo sindikalak gaitzetsi egiten ditu ikusten ari garen diskurtso eta maniobra politikoak: estatuak berak alderdi bat legeztatzeko beharrezko eta nahikotzat ezarri zituen baldintzak orain anekdota bihurtu dira. Horrek esan nahi du eurentzat, benetan, berdin dela SORTUk legea betetzea ala ez.

Nahikotasunaren eztabaida faltsuarekin PSOEren eta PPren interes ilun batzuk, politikoak eta hauteskundeen ingurukoak, ezkutatu nahi dituzte. Honek berriro uzten du agerian estatuko alderdi hegemonikoen kalitate demokratiko eskasa, botere judiziala beren esanetara jarri nahia.

SORTU legalizatzea herri honetako gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren exijentzia da. Baina hori baino areago besterik gabe eskubide eta betebehar demokratiko bat da, hain zuzen adierazpide politikorik gabe dagoen euskal gizartearen sektore horrekiko.

Ezin da esan hau herri normalizatuta dagoenik bertoko joera politiko batek, bakarra izanagatik ere, hauteskundeetan berdintasun baldintzetan parte hartzeko, ez erakundeetan parte hartzeko aukera bermatuta ez duen artean. Ilegalizatutako ezker abertzalea lehenbailehen itzuli behar da bizitza politiko eta instituzionalera.

Sortu legeztatu egin behar dute erakundeetan (udalak, diputazioak, parlamentuak) lege eta jurisprudentzia injustu bat aplikatuta eragin den egoera antidemokratikoa bideratze aldera. Hartara, amaitu egin behar du gainontzeko indarrek daukaten ordezkaritza hanpatua, zeinak herriak adierazitako borondatea desitxuratu egiten baitu.

Hori guztia dela-eta, gehiengo sindikalak espainiar Estatuari eskatzen dio gehiago atzeratu gabe SORTU legezta dezala.

Bilbon, 2011ko martxoaren 14an
ELA – LAB – STEE/EILAS – EHNE – HIRU

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak hasiko ditu Gasteizko Vitalquiler Adaniaren maizterren LABeko atal sindikalak

Etxebizitzak babes ofizialeko kalifikazioa galtzen ari direla aprobetxatuz, errenta igoera neurrigabeak eta abusuzko klausulak ezarri nahi ditu Adania promotoreak kontratu berrietan. Horren aurrean, maizterrek mobilizazioa egingo dute bihar, baldintza duinak aldarrikatzeko.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak deitu ditu gerraren kontra eta denontzako bizitza duinak eskatzeko

Agerraldia egin dute gaur Bilbon Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan biltzen diren eragile sozial eta sindikalek. Bertan, gerren, militarismoaren eta gastu militarraren igoeraren aurka...

Bizkaiko suhiltzaileak lan-baldintzen hobekuntzaren alde borrokan

Bizkaiko Foru Aldundiko Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko suhiltzaileak mobilizazioak egiten ari dira osasunaren eta segurtasunaren arloko hobekuntzak aldarrikatzeko, bai eta beren kategoriako errekonozimendu profesionala aldarrikatzeko ere, Eusko Jaurlaritzaren 2023ko Suteen Prebentzio eta Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Legeak jasotzen duen bezala.