2024-05-07
HomeNazioartea IdazkaritzaErrepresioaErrepresio sindikalik ez! Alfonso Fernández askatu!

Errepresio sindikalik ez! Alfonso Fernández askatu!

Alfonso Fernández, Alfon, 21 urteko gazte madrildarra da, joan den azaroaren 14tik kartzelaratua dago. Bere neskalagunarekin batera atxilotua izan zen, pikete informatzaile batera zihoanean. Errepresio sindikaren aurka eta Anfon-en kaleratzea exijitzeko LAB sindikatuak elkarretaratzeak egin ditu gaur Bilbon, Baiona eta Iruñean.

Berak salatu duenaren arabera, bai bere atxiloketa aldian, bai komisaldegian izandako osteko galdeketetan mehatxatua eta presionatua izan zen. Gaur egun, epaileak baldintzapeko askatasuna ukatzen dio eta presoen eskubideen urraketan oinarritzen den FIES araudipean dago.

Gaur, abenduaren 28a, Alfonen aske uztea exijitzeko Nazioarteko salaketa eta borroka Eguna burutzen ari da, Espainiar Estatuko enbaxada, kontsulatu eta Gobernu delegaritzen aurrean hamaika mobilizazio deitu direlarik. LABek bat egiten du egun honekin, ikuspuntu internazionalista batetik.

LABek Alfonen bidegabeko kartzelaratzea salatzen du eta bere berehalako aske uztea exijitzen dugu.

Atxiloketa eta kartzelaratze hau protesta eta borroka soziala Estatu espainiarrean orokorrean kriminalizatzen ari den testuinguru zabalagoan kokatzen da. Honela, gaur salatzen ari garen egoeraz gain, Euskal Herrian eta Estatu espainiarreko beste nazioetan burutu diren azken greba orokorretan hainbat atxiloketa edota kartzelaldi eman dira; gauza bera gertatu da, beste borroka sektorial batzuetan, besteak beste, Asturies-eko meatzariena, Andaluziako SAT sindikatuko kideen kasuan, eta abar luze baten.

Euskal Herrian bertan LABeko kide askoren kontrako makina bat epaiketa egon dira azken aldian lan borroketan eta borroka sozialetan buruturiko ekintza baketsuen harira. Halaber, datorren urtarrilaren 10ean Bilbon 18 pertsona epaituak izango dira 2011ko urtarrilaren 27an Euskal Herrian espainiar gobernuak, patronalek eta CCOO eta UGT-k inposaturiko pentsioen erreformaren kontra burutu zen greba orokor egunean pikete informatzaile baten parte hartu izanagatik. Beraietako bakoitzari 3 urte eta 9 hilabeteko espetxe zigorra eta 6.000 eurotako isuna eskatzen dizkiete (guztira 72 urte eta 108.000 eurotako isuna). Zigor eskaera eta epaiketa bidegabe eta lotsagarriak.

LABetik beraien absoluzioa exijitzen dugu, eta baita langile klasearen eskubide sozial, sindikal eta lan arlokoen defentsa burutzeagatik jazarriak izan diren behargin eta pertsona guztiena ere.

Zeharo bidegabea da guztion eskubideak defendatzeagatik hainbat pertsona jazarriak eta zigortuak izatea, egungo krisi kapitalistaren arduradun nagusiak diren, eta egunero milaka pertsona lan prekarietatera, gizarte bazterketara eta miseriara kondenatzen dituzten bankari, enpresari eta politikari gorbatadunak kalean libre eta lasai dauden bitartean, inongo gobernu, agintari eta epaileek ardurarik eskatu gabe eta euren kontra ekimen judizialik hasi gabe, euren gestioa azken urtetoan zeharo kaltegarria izan bada ere jendarte osoarentzat.

LABetik egoera hau salatzen dugu eta gaur egungo krisi kapitalistako erantzuleak zigor ditzaten eskatzen dugu; izan ere, borondate politiko kontua da, Islandiako ereduak erakusten duen legez.

Era berean, exijitzen dugu langile klase osoaren eskubideak defendatzeagatik erreprimituak eta jazarriak izan diren eta diren pertsonak absolbituak izan daitezela, eta Alfon-en moduko kasuetan, berehala aske utz ditzatela. Izan ere, bidegabekeri sozialak ezingo dira inoiz errepresioarekin estali, guztiz bidegabea den sistema kapitalista hau garaituz, eta justizia sozialean oinarrituriko eredua ezarriz baino.

Ez da dirurik falta, lapurrak ditugu soberan!!
Alfon askatu!!

 

 Baionako elkarretaratzea
 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bi greba egun deitu ditugu Nafarroako ANFAS-en, hitzarmenaren negoziazioan aurrera egiteko

Greba egingo dute maiatzaren 8an eta 11n, zuzendaritzari soldata igoerak eta erosahalmena berreskuratzea eskatzeko, besteak beste. Nafarroako Gobernuaren inplikazioa eskatzen dute lan baldintzak hobetzeko, azken 4 urteetan Gobernuak ANFASi bere aurrekontuaren bi heren dirulaguntzetan eman arren, lan baldintzak ez direlako hobetu.

Munduko Federazio Sindikalaren Herrien Koordinadorak garai berri bat hasi du

Maiatzaren 2an, arratsaldez, Munduko Federazio Sindikalaren Herrien koordinadorak bilera egin zuen. Sindikatu berriei ongi etorria emateaz gain, fase berri baten hasiera ekarri du bilera horrek, MFS-an afiliatutako estaturik gabeko nazioetako sindikatuen presentzia eta indarra gero eta handiagoa delako.

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.