LAB SINDIKATUA

2018/08/16 :: 19:24

Azken Eguneraketa:2018/08/14 :: 16:00

HIZKUNTZA
Hemen zaude:

Nafarroako ikastolekin hirugarren hezkuntza sarea osatzea galdegin dugu, langileen egonkortasuna lortze aldera

Partekatu albistea



Ikastoletako langileen egonkortasunaren aldeko kanpaina egiten ari da LAB sindikatua eta, horren barnean, atzo arratsaldean, Nafarroako Gobernuaren aurrean langileek kontzentrazioa egin zuten. LABen ustez, ikastolekin hirugarren hezkuntza sarea osatu beharko litzateke ikastolek euskararen normalizazioari egin ekarpena eta gaur egun duten izaera bereizia kontuan harturik. Hirugarren sarea lortzeak lagunduko luke langileen egonkortasuna lortzen eta hezkuntza sistema propioa sendotzen. Horretaz guztiaz mintzatzeko, bilera egiteko eskatu diogu Maria Solana Hezkuntza kontseilariari.

Ikastoletan hezkuntza sistema propioa, gertukoa, parte-hartzailea eta sendoa eraikitzeko, ezinbestekoa da langileen egonkortasuna bermatzea. Azken urteotan Ikastolek zein langileok pairatu ditugun murrizketen ondorioz, agerikoagoa da Ikastolok baliabide gutxiago dituztela zerbitzu publikoa eskaintzen ari garela, eta langileok, lan berdina edo gehiago egin arren, lan baldintzak eta soldata kaxkarragoak ditugula beste sare batzuetan baino. Egoera honek ezinbestez ezegonkortasuna sortzen du langileen artean. Ezin ahaztu langileen artean, lan baldintzarik okerrenak dituztenak: 0-3ko langileak, hezkuntza laguntza espezialistak eta zerbitzuetako langileak. Eragile guztioi dagokigu gure esku dagoena egitea langileon egonkortasuna bermatzeko: Lan Hitzarmena hobetu, langileen soberakin eta beharren kudeaketa zuzena egin, promozioak sustatu eta Administrazioari finantziazio egokia eskatu langileen lan baldintzak hobetzeko eta berdintzeko.

Nafarroan Gobernuari, akordio programatikoan agertzen den bezala, hamarkadetan euskararen normalizazioari egindako ekarpenagatik Ikastolen gaur egungo egoera eta etorkizunekoa azter dezala eskatu nahi diogu. Zehazki, Hezkuntza Departamentuari, izaera eta ekarpen bereiziagatik, Ikastolen etorkizuna eta langileen egonkortasuna bermatuko duen hirugarren sarea sortzea galdegiten diogu, Kontseilariak berak ikasturte hasieran publikoki bide hau jorratzeko konpromisoa adierazi zuen bezala.

Hau guztia dela eta, azken asteetan LABek Hego Euskal Herriko Ikastoletan langileen egonkortasuna defendatzeko kanpaina abian jarri du. Kanpainan azpimarratu diren aldarrikapenak hauexek dira: lan berdina = lan baldintza berdinak; 0-3ko langileak Lan Hitzarmenean sartu; zerbitzuetako langileak eta beren egoera kontuan hartu; eta Ikastolen etorkizuna bermatuko duen sare berezitua sortu. Pasa den astean Gasteizen izan zen bezala, gaur 19:00etan langileen elkarretaratzea egin dute Nafarroako Gobernuaren aurrean. Bestetik, honen inguruan hitz egiteko asmoz, Hezkuntza kontselariari bilera eskatu diogu.

Nafarroako Ikastoletan 700 langile inguru daude eta LABek ordezkaritza sindikalaren %95 dauka.
 


 
 

Ez dago iruzkinik


Iruzkinak egiteko izena ematea ezinbestekoa da. Oraindik ez duzu konturik? Erregistratu

Gure zerbitzuak hobetzeko, gure eta hirugarrenen cookieak erabiltzen ditugu, eta iraunkorrak direnez, erabiltzaileei buruzko estatistikak ematen dizkigute. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookie horiek erabiltzea onartzen duzu.

Informazio gehiago hemen.

Pribatutasun politika / Política de privacidad
.