2026-10-28
HomeEkintza SindikalaSilikosiaren aurkako manifestazioa Durangon

Silikosiaren aurkako manifestazioa Durangon

Larunbatean, silikosi kasuek gogor kolpatu duen Durangoko Funbarri enpresatik abiatuta manifestazioa egin zuen LABek "Funbarrin silikosiaren aurka. Langileon osasuna ez dago salgai" lelopean. Silkosi kasuek gogorki kolpatu dute Fumbarri enpresa, baina Funbarrikoa ez da kasu isolatu bat. Euskal Herriko beste hainbat enpresatan antzeko kasuak ematen ari dira.

2011an eduki zuen LAB sindikatuak lehen silikosi kasuaren berri. Gaur egun, gutxienez, 11 dira gaixo dauden langileak. Horietatik biri, gainera, gaixotasunaren konplikazio eta larritasunaren ondorioz, inkapazitate iraunkorra aitortu zaie. Datu hauen arabera, langile guztien %10a baino gehiago dago gaixo.

Egoera ezagutu genuenetik gaur arte, LAB sindikatuak salaketa ugari egin ditugu, bai enpresa barruan zein kanpoan, eta helburua argi izan dugu momentu oro; enpresak prebentzio plan eraginkorra egin dezala langile guztientzako, egun silikosiak gaixotutako langileentzako eta langile gehiago gaixotu ez dadin.

FUMBARRIn Silikosiarekin bukatzeko pauso berriak ematera goaz. Eta hauek dira gure bost oinarriak



LAN OSASUNA
Osasuna ezin da erosi, zaindu egin behar da. Silikosia, gainera, sendaezina da. Gure bizitza osoa lanean jardun eta gero, jubilatu-gaixo izatea onartu behar al dugu? Edota gure heriotza bera onartu behar al dugu?

PREBENTZIOA
Enpresa da prebentzioa bermatu behar duena, bera da arduradun eta erantzulea. Eta egiten ez badu? Esan dugun bezala osasuna ezin da erosi, ez! Baina ezin dugu saldu! Beste inori ardura ez badio, guri bai! Gure osasuna defendatuko dugu!

FUMBARRI
Gure erruagatik, enpresa itxi beharko dutela esaten hasi dira. Lotsabakoak! 2011 eta 2012 urteetan bazkideek 2.400.000 euroko irabaziak banatu dituzte. Krisi garai honen erdi-erdian. Eta gainera irabaziak banatzen jarraitzen dute. Eta badakizue zein den 2016 urterako inbertsioetan egin duten aurreikuspena? 0 euro.

EGOERA
Bazkideen poltsikoak: 2.400.000 euro baino gehiago.Langileen osasuna: 0 euro.

KONPONBIDEA
Prebentzioan inbertsio egokiak egitea; batetik, gaixo gauden langileak babestuz eta, bestetik, langile gehiago gaixotu ez dadin neurriak hartuz.

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Frantses Kanonaren aurka herri harresia osatzera dei egiten dugu

Eskuin muturreko Canon Français edo Frantses Kanona taldeak antolatutako otordua egitekoa da Miarritzeko Irati aretoan azaroaren 28an. Bada, hainbat eragilerekin batera, hitzordu horri aurka egin eta herri harresia sortzeko deia luzatzen diegu langileei LAB sindikatutik.

Euskara, baliabideak, segregazioa eta digitalizazioa dira hezkuntza arloko lehentasunak LABentzat

Sindikatuak gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean egindako agerraldian adierazi duenez, PISA txostena erreferentziatzat hartzen ez duen arren, datuak kezkagarriak dira. Emaitzetan eragina izan duten faktoreen artean lau dira premiaz jorratu beharrekoak: euskararen ezagutza eta erabilera indartzea, ikastetxeetako baliabideak bermatzea, segregazioari aurre egitea eta digitalizazio-eredua berrikustea.

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako greba bertan behera utzi du enpresa batzordeak

Gipuzkoako Moeve gasolindegietako Enpresa Batzordeak urriaren 27tik abenduaren 23ra iragarrita dituen greba egunak bertan behera uztea erabaki du. LAB eta ELA sindikatuek osatzen dute Enpresa Batzordea eta ahobatezko erabakia izan da greba egunak bertan behera uztea. Iragarpen horren arrazoia bat eta bakarra da: konpainiak, CCOO sindikatua baliatuta, edozein negoziazio aukera zapuztu du hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua Lan Delegaritzan erregistratu baitu.