2026-11-06
HomeEkintza SindikalaDornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna...

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna egotzi dio, haren udal-agiriak antolaketa-aldaketak babesten baititu.

Dornierreko langileek elkarretaratzea egin dute ostiral honetan, 9:30etik 10:30era, enpresaren egoitzaren aurrean, lan-baldintzak okertu zaizkiela salatzeko. Mobilizazioek eguerdian jarraitu dute 11:30etik 12:30era Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasuneko eta Bizikidetzako Alorraren aurrean.

Iruñeko aparkaleku arautuaren zerbitzuaren antolaketan egindako azken aldaketek gero eta kezka handiagoa sortu dute langileen artean. Akordiorik gabe amaitu den negoziazio-prozesu baten ondoren, enpresak alde bakarretik ezarri du lan-baldintzen funtsezko aldaketa, eta, batzordeak salatu duenez, horrek lan-baldintzak okertzea dakar. Sindikatuetako ordezkariek kritikatu dute enpresak ez duela akordiorik lortzeko borondaterik, eta Iruñeko Udalaren inplikazioa ere eskatu dute. Udalaren baldintza-agiriak antolaketa aldaketak babesten ditu. Batzordearen hitzetan, “ez dugu pribilegiorik eskatzen; kontziliazioa, lan-osasuna eta lan-baldintza duinak eskatzen ditugu”.

Langileak gehien kezkatzen dituzten neurrien artean lan-egutegi berriak daude, zerbitzua urteko 365 egunetan eta 24 orduetan ematea aurreikusten baitute, baita txanda zatituak ezartzea ere. Batzordeak salatu du lan antolaketa honek zaildu egiten duela familia eta bizitza pertsonala uztartzea.

Horrez gain, proposatutako egutegietako batzuk ez dira ezarritako urteko lanorduetara iristen, eta enpresak bere antolamendu-beharrak betetzeko erabili ahal izango dituen ordu-poltsak sortzeko aukera emango du. Batzordearen ustez, sistema horrek langileen eskuragarritasun handiagoa dakar, eta lan-denboren antolaketaren zati handi bat enpresaren esku uzten du.

Batzordeak, halaber, diskriminazio- eta kalte-egoerak salatzen ditu gidabaimenik ez duten langileentzat, eta enpresak gidabaimena eskuratzea bere gain hartzea edo finantzatzen laguntzeko eskatzen du.

Laneko segurtasuna eta osasuna arriskuan

Antolaketa-aldaketek langileen osasunari eta segurtasunari ere eragiten dio. Batzordeak ohartarazi du proposatutako lanaldiek, egunean bederatzi ordu eta erdi artekoak, higadura fisiko handia eragingo diotela egunero kalean lan egiten duten langileei. Era berean, gaueko txanda jakin batzuk antolatzeak sortzen dituen segurtasun-arazoez ohartarazi du. Txanda horietan, langileek beren jarduera bakarrik egitea aurreikusten da. Hori dela eta, eskatu du ikuskatzaileek elkarrekin lan egin ahal izatea gaueko txandetan eremu isolatuetan edo gatazkatsuetan, eta ibilgailuetan binaka mugitzea, gidariak pantailak manipulatu behar ez izateko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.

Santurtziko portuan larrialdi zerbitzuak eskura izatea hil ala biziko kontua da

Bilbo Portu instalazioetan lan-osasunaren arloan gertatu diren azken istripu larrien aurrean, hemen ordezkatuta gauden erakundeok, Bilboko Portu Agintaritzari zuzendutako salaketa publikoa egitea erabaki dugu, hura baita Portuko industria-esparru osoaren kudeaketaren, antolamenduaren eta segurtasun integralaren arduradun gorena.