2026-11-11
HomeLan Osasuna IdazkaritzaPrekarietatea HiltzaileaBilboko kaleak hartu ditugu, lan heriotzen aurrean "nahikoa dela esateko"

Bilboko kaleak hartu ditugu, lan heriotzen aurrean “nahikoa dela esateko”

Lan heriotzak salatzeko manifestazio bat egin dugu gaur arratsaldean Bilbon, euskal gehiengo sindikalak deituta. Joan den astean, egun berean, lau langile hil ziren Bizkaian, eta jada bederatzi langile dira bizia galdu dutenak aurten Hego Euskal Herrian. Egoera jasanezina da, eta kalera irten gara odoluste hau salatzeko. Goizean ere mobilizazioak egin ditugu Bizkaian; eskualdeetan, kasu honetan. Auto karabanak eta elkarretaratzeak egin ditugu, besteak beste.

LABeko ordezkari Xabier Ugartemendiak hartu du hitza Bilboko manifestazioa abiatu aurretik, eta gogoratu du urterik urte hainbat langile hil egiten direla beraien bizia aurrera atera ahal izateko lan egiteagatik, "eta gu ez dugu hau onartzen".

Ugartemendiaren esanetan, "lan istripuak patronalak inposatu nahi digun prekarietateagatik dira. Enpresetan prebentziorik ez da egiten eta botere publikoak ez du kontrol errealik egiten hau guztia ekiditeko. Beraz, patronala da egoera honen arduraduna, beraien etekinak gure bizitzaren aurretik jartzen dutelako. Baina hau ez dute bakarrik egiten, behin eta berriz beraien potilikak babesten dituzten erakunde publikoen konplizitatea dute, nahiz eta horrek hildako langileak eragin".

LABeko ordezkariak adierazi du herri honetako lan zentroak bakarrak direla non langile bat gaixoarazi, mutilatu edo hil daitekeen, inongo ardura eta ondoriorik gabe. "Egoera hau aldatzeko benetako neurriak hartu behar dira, eta, horretarako, beharrezkoa da Euskal Herrian langileok lan egiteagatik osasuna eta gure bizia ez galtzea bermatuko duen lan harreman eredu bat eraikitzea", esan du Ugartemendiak.

Horregatik mobilizatu gara gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritza eta Confebasken aurrean, "nahikoa dela esateko, lan istripu bat ere ez dugula onartzen esateko eta langileok bizi dugun egoera tamalgarri honen kontrako neurriak aldarrikatzeko".

Forjas Unidas eta Cementos Lemonatik
Arratsaldeko manifestazioaren aurretik, hainbat protesta egin ditugu eskualdeetan. Hego Uribe Arratian, esaterako, auto karabana bat egin dugu lan heriotzak izan dituzten enpresetatik; Bediako Forjas Unidas eta Lemoako Cementos Lemona enpresetatik, kasu.

Barakaldoko Gurutzetako ospitalean elkarretaratze bat egin dugu, Osalanen bulegoaren aurrean; eta Durangaldean eta Gernikan ere mobilizazioak egin ditugu, besteak beste.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal langileriaren indar erakustaldia: 200.000 lagun inguru kalean etxebizitza eta soldata duinen alde

Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialerako prozesua eta euskal langileriaren askapenaren alde egiten duen mugimendu soziosindikala goratu ditu LABek. Patronalari lantokietan eta etxebizitzaren eremuan...

Euskal langileen erantzun masiboa eta maizterrak protagonista, greba orokorraren goiz honetan

Milaka euskal langilek bat egin dute lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deiarekin; Hego Euskal Herrian jarraipen oso zabala izaten ari da, estatuan baino zabalagoa: industrian jarraipen oso zabala izaten ari da lau herrialdeetan; zerbitzu publikoetan ere nabarmena da eragina, bereziki irakaskuntzan eta udaletan; garraioan ere eragin nabarmena izan du: hiri garraioan eta Euskotrenen, esaterako, soilik gutxieneko zerbitzuak dituzte, eta Santurtziko zein Pasaiko portuak aktibitaterik gabe dira, langile gehienak greban direlako.

Greba Orokorra jarraipen zabala izaten ari da

Azaroaren 11ko greba orokorra eragin nabarmena izaten ari da Hego Euskal Herri osoan: jarduera ohikoa baino askoz apalagoa izaten ari da oro har, eta...