2026-02-01
HomeEkintza PolitikoaPresoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Donostian, Izan Bidea dinamikaren baitan

Presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara Donostian, Izan Bidea dinamikaren baitan

Euskal gehiengo sindikalak deituta (LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU, EHNE, CNT eta CGT-LKN), Donostiako Sagues eta Bulebar artean mobilizatu gara, euskal presoen eskubideen defentsan, Sareren Izan Bidea dinamikaren baitan.

Izan Bidea dinamika martxan dagoenetik, hamaika ekimen egin dira Euskal Herri luze-zabalean, eta gaurkoan Donostiara ekarri dugu; sindikatuok, kasu honetan. Izan ere, denbora daramagu salbuespen legediak dakartzan urraketak salatu eta egungo espetxe politika aldatzearen beharra aldarrikatzen. Egun, bide bat hasia dagoela esan dezakegu, azken hilabeteetan ematen ari diren aldaketak direla eta. Aldaketa horiek, ordea, jendartearen aktibazioaren ondorioz etorri dira. Hortaz, uste dugu akordio eta aktibazioaren bidea garatzen jarraitzea ezinbestekoa dela, urrunketarekin eta gradu progresioaren blokeoarekin amaitzeko, besteak beste.

Zentzu honetan, sindikatuon ordezkariek gaurkoan nabarmendu bezala, “Euskal Herriko gehiengo sindikal, sozial eta politikoak euskal presoei ezarritako salbuespenezko espetxe politikaren amaiera eskatu du. Jendarte zibilaren mobilizazioari nahiz instituzioen interpelazioei esker, urratsak ematen hasiak dira norabide horretan; ez nahiko genukeen bezainbeste, ez nahiko genukeen bezain azkar, baina urratsak ematen ari dira, euskal presoen gerturatzeari edota gradu aldaketari dagokionez. Prozesu hori bururaino eramatea eskatzen dugu, berriro ere, euskal preso guztiak Euskal Herriratuz, preso gaixo guztiak kaleratuz nahiz salbuespenezko neurri oro indargabetuz. Horretarako herritarron aktibazioa eta baita langileriarena ezinbesteko elementuak dira”.

Pausoz pauso, ibilian-ibilian, etxerako prozesu hori azkartu nahi dugu, eta oraindik bide luzea dugu egiteko, “oraindik ere, preso eta senide gehiegi daudelako ehundaka kilometroek bereizita, baita 18 larriki gaixo diren preso ere. Graduen progresioa ematen hasi bada ere, hirugarren gradua gutxi batzuei soilik ezarri zaie eta asko dira 3/4 beteak izan arren, espetxean jarraitzen duten presoak edota Frantzian jada bete duten zigorra Espainian berriro betearazten zaien presoak ere… beraz, oraindik badugu lana eta  salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko eskatzen jarraitu behar dugu”. 

Hala, langile eta herritarrei ondorengo asteetan sindikatuok deituko ditugun gainontzeko mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diegu, Izan Bidea dinamikak ez baitu etenik. Denok izan behar dugu bidearen parte, guztion bultzadaz hasitako urrats txiki horiek azken muturreraino eramateko. “Aldarrikatzen, mobilizatzen eta adostasunak bilatzen jarraituko dugu. Etxerako bidea egiteko bultzada izan gaitezen”, erantsi dugu mobilizazioaren amaieran. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...