Igor Chillon: Gasteiz-Lautada-Errioxako LABeko arduraduna
Gasteiz eta Araba osoan, martxoaren 3ak belaunaldi guztiak markatu ditu. Gaur egun, Euskal Herriko langile mugimendu osoarentzat ere egun seinalatua bilakatu da zalantzarik gabe. 50 urte pasa dira ordutik, baina askotan, oraina ulertu eta geroari begira jartzeko iraganean gertatutakoa ongi ezagutu behar izaten da.
Hain zuzen ere, martxoaren 3ko gertakariek utzitako arrastoa ezin da ulertu garai haietan bizitakoa gogoratu gabe. Gasteiz eta Araba osoan, giroa pil pilean zegoen langileen artean, Franco bizi zen, grebak hasiak ziren eta borrokarako giroa zabaltzen ari zen. Francoren heriotzaren ostean, sindikatu bertikalak langileen beharrei erantzuten ez ziela ikusirik, hauek asanblada bidez antolatzen hasi ziren. 1976ko lehenengo 2 hilabeteetan langile mugimendua indarra hartzen joan zen, langile asanblada jendetsuak egin ziren, zenbait enpresetan grebak burutu ziren, baita lehenengo greba bateratuak egin ere. Lan eta bizi duinak exijitzen zituzten, baina baita eskubideak eta askatasuna ere. Norabide horretan, martxoaren 3rako, greba orokorra deituta zegoen eta jarraipen handia izango zuela aurreikusten zen.
Langile mugimendua hartzen ari zen indarra ikusirik, Estatuak hau kosta ala kosta gelditzeko erabakia hartu zuen: probintzia ezberdinetatik polizia ugari bidali zituzten Gasteizera zuten, hiria hartuta zeukaten eta langile elkarretaratze oro desegiteko agindua zuten. Gauzak horrela, egun hartan, goizean goizetik hasi ziren polizien kolpeak, kargak eta lehenengo tiroak (datu nahiko ezezaguna: balaz zauritutako lehenengo pertsonetako bat lanean zegoen etxeko langile bat izan zen). Arratsaldeko 17:00etarako deituta zegoen Asanblada San Frantzisko elizan. Milaka pertsona zeuden barruan eta are gehiago kanpoan. Poliziek barrura gas poteak bota eta asanbladako kideak, arnasestuka, atera zirenean tirokatu eta kolpatu zituzten, gupidarik gabe. Betirako grabatuta gelditu ziren polizien arteko barne komunikazioak: “Hemos contribuido a la mayor paliza de la historia” eta Polizia Buruaren aitortza, “¡Buen servicio!”. Bilatutako sarraskia izan zen: guztira 5 langile hil zituzten, hamarnaka zauritu eta ehunka kolpatu. Ez hori bakarrik, sarraskia salatzeko egindako mobilizazioetan indar polizialek 3 pertsona gehiago hil zituzten Basaurin, Tarragonan eta Italian.
Gertakari haiek gogora ekartzean ezin dugu aipatu gabe utzi emakumeek izandako inplikazioa eta betetako rola. Asko grebalariak edota ikasleak ziren, asanbladetan parte hartzen zuten, baita elkartasuna bultzatu ere merkatuetatik beraien erosketa-poltsa hutsik eskutan eta nola ez, grebak iraun bitartean etxeetan bizitza posible egin zuten, izkutuko lan guztiak aurrera ateraz. Hortik aurrera izandako borroketan oso presente egongo da emakume eta gizonen arteko arrakala ezabatzeko aldarria.
Era berean, pertsona migranteen ekarpena ere ukaezina izan da. 1976ko borrokaldian parte hartu zuten gehienak, baita 5 erahildakoetatik 4 ere, kanpotik etorritako familiakoak ziren. Horietako asko Zaramaga, Adurtza, Ariznabarra edota Abetxuko auzoetan bizi ziren, langileentzako espresuki eraikitako etxe xumeetan. Ghetto hauek langile-auzo bihurtu eta lehen lerroan izan ziren borroka hartan eta bestelako borroka sozial, politiko eta kulturaletan, orduan eta hurrengo hamarkadetan ere.
Aldiz, garai hartan nagusi ziren sindikatuak gehiago begiratzen zieten haien interesei, langileen beharrei baino. LAB, ordea, sindikatu sozio-politiko bezala sortu eta hazi da, eraldatzeko bokazioarekin. Klase eta kontrabotere sindikatua, eta horrekiko koherentea ere. Horregatik, 1976an LAB jaio berria izanda, bere militanteak, asko ez baziren ere, dena aldatzeko konpromiso eta ilusio handiz aritu ziren borroka hartan. Hortaz, sindikatuaren interes propioa bilatu beharrean LABeko kideak asanbladetan inplikatu ziren, “Asanbladetatik Batasunerantz” aldarria defendatzen eta mugimendu hori indartzen. Aktiboki parte hartu zuten eta errepresioa eta jazarpena jaso ere bai. Borrokatzeko izpiritu hura gure zainetan dago, garai hartan borroka horrekin indartu egin ginen eta borroka bakoitzarekin hazi egin gara, gaur egun garena izan arte.
Borroka hari esker, enpresa askotan grebari jarritako helburuak, soldata eta lanaldiari lotutakoak, bete ziren, baina lortutakoa sakonagoa izan da: utopiara apur bat gehiago hurbiltzeko balio izan digu. Langileek askatasuna atzamar puntekin ukitu zuten, erabat ahaldunduta, autoeratuta eta aurrera egiteko grinaz zegoen langile mugimendu bat sortu zuten. Horretaz gain, balio izan zuen ere borroka eta antolakuntzaren garrantziaz jabetzeko. Hain zuzen ere, gogorra izan zen, bizia galtzeraino, baina argi geratu zen borrokatu eta antolatu gabe ez dagoela ezer egiterik, ez dugula ezer lortuko. Edonola ere, langile konzientzia bizirik mantendu dugu, sarraski hura langileon memorian grabatuta gelditu da, baita klase borrokaren esanahia bere gordintasunean ere: patronalaren gogorkeria, langileentzako “eskarmentua” eskatuz, enpresari haien defentsan Espainiako gobernuak hartutako erabakia, horretarako indar polizialen erabilpena… eta sindikatu batzuen papera.
50 urte hauetan, ehunka eta ehunka izan dira Araban egondako borrokak, guztietan nola edo hala M3ko izpiritua presente egon delarik. Soldata duinen alde, lan baldintzen alde, enpleguaren alde, soldata arrakalaren aurka, gure esparru propioaren alde, diskriminazioen kontra, zaintza sistema publiko-komunitarioaren alde… Borrokaren sua piztuta mantendu dugu urte hauetan guztietan. Eta borroka hark, gehien bat soldata duinak eskatzen zituena, gaurko borroka nagusi izaten jarraitzen du. Horregatik, garai hartan egin bezala, orain ere grebara aterako gara gutxieneko soldata propioaren alde, soldata hobeak defendatzera. Urte hauetan guztietan pilatutako indarra, esperientzia eta elkartasuna borroka honen mesedetan jarriko ditugu, orduan bezala aldarrikapen justu bat defendatzen dugulako. Orduan bezala ere, klase konzientzia funtsezkoa da: aberastasuna banatu behar da, patronalari eta gobernuei aurre egin behar diegu guztiok soldata duinak izateko. Beraz, hemendik aurrera ere Martxoaren 3ko izpiritua bizirik mantentzea dagokigu aurrean ditugun borroka guztietan: lan zentroetan, sektoreetan zein martxoak 17koa bezalako greba orokorretan.

