Administrazio euskaldunaren norabidean, zerbitzu publikoak euskalduntzeko eragin!


Urko Aierbe: Euskara Idazkaritzako arduraduna
Xabier Ugartemendia: Zerbitzu Publikoetako Federazioko arduraduna

Azken urteetan administrazioaren euskalduntzearen aurka erasoaldi larri eta kezkagarria ezagutzen ari gara, bere aintzindari-zorrotza epaitegietan euskararen aldeko neurrien aurka ebazten ari diren epaiak direlarik. Epai hauek lan-deialdietako hizkuntza-eskakizunak, kontratu publikoetako pleguetako hizkuntza-klausulak, normalizazio-planen neurriak zein udalek euskaraz lan egin ahal izatea auzitan jartzen ari dira. Administrazioan euskara normalizatzea, hau da, euskarazko zerbitzua eskaini eta hizkuntza honetan lan egingo duen administrazio euskalduna erdiestea gerarazi nahi duen oldarraldi zabal eta sakonaren aurrean gaude.

Erasoaldiaren tamainaz jabetzeko, aipatu beharra dago azken bost urteetan EAEn 50 epai inguru ezagutu ditugula jada, hilero-hilero epai bat, amaierarik gabeko segida onartezinean. Hauei, Nafarroan aurreko urteetan ezagutu diren beste hainbat epai gehitu behar zaizkie. Izan ere, azken lauzpabost urteetan EAEn pairatu dugun oldarraldia Nafarroan aurretiaz pairatzen ari gara, bertan euskararen aurkako ekinaldi politiko-judiziala estrukturala eta betidanikoa baita, orubea ofizialtasunaren ukazioan eta zonifikazioan duelarik.

Eragile euskaltzaleon bultzadaz, tartean LABenaz, 80ko hamarkadan hasitako administrazioa euskalduntzeko prozesuak aurrerapauso esanguratsuak eman dituela nabarmena da; are gehiago kontuan izanda frankismotik guztiz erdalduna zen administrazio batetik gentozela, bai hedaduran bai intentsitatean. Horrela EAEko administrazio guztietan (tokikoetatik hasita aldundi eta autonomikoetaraino) eta Nafarroako administrazio batzuetan (Nafarroa erdialdeko eta iparraldeko udaletan eta administrazio autonomikoko sail zehatzetan) euskarak bere tokia egitea lortu du, euskara ohiko lan hizkuntza izateraino instituzio batzuetan osotasunean edo administrazio-atal batzuetan. Kontuan izan behar dugu munduan dauden milaka hizkuntza gutxituetatik oso kasu gutxitan lortu dutela horrelako berreskurapen-maila arrakastatsua norbere eremuko administrazioan.

Hezkuntzarekin batera, administrazioaren euskalduntzea euskararen berreskurapenerako zutabe garrantzitsuena izan da. Izan ere, prozesu horri esker euskararen corpusak modernizatze garrantzitsua ezagutu du, administrazio-hizkuntza jasoa osatuz; milaka eta milaka herritarrek beraien buruak euskaldundu dituzte, administrazioan lan egin ahal izateko asmoarekin; edo euskarak prestigioa eskuratzeko baliagarria izan da, besteak beste. Finean, prozesu hori eremu zabaletan euskaraz lan eta bizi ahal izateko baliagarria izan da. Prozesu amaitu gabea oraindik ere. Asko da lau hamarkadetan aurreratu duguna, baina asko da oraindik ere falta zaiguna bide horretan.

Hori guztia da oldarraldi honek bortizki eten nahi duena. Euskararen berreskurapen osoa nahi ez duten sektoreek nahikoa dela erabaki dute. “Urrunegi joan garela” ondorioztatu dute. Euren izenean esplizituki ala inplizituki norbanakoen atzean ezkutatuz demandak jartzen ari diren sindikatuetatik hasita, oldarraldia justifikatu eta bere aldeko giroa sortzen ari diren hedabide zehatzetatik igarota, horren aldeko ekinbide politiko-instituzionala sustatzen ari diren alderdi politikoetaraino. Ideologia eta sektore ezberdineko eragileak izan arren, denak helburu berberaren alde indar egiten ari dira: euskararen normalizazio-prozesua geraraztea, bai zehazki administrazioan bai orokorrean eremu guztietan. Besteak beste lan-eskubideen eta hizkuntza-eskubideen arteko dikotomia kontrajarri faltsua erabiliz diskurtsoetan. Supremazismo linguistikoa sustatzen duten eragile horiek gazteleraren hegemonia eta derrigortasunari eutsi nahi diote, euskara bigarren mailakoa eta hautazkoa izatera mugatuz. Izan ere berrindarturik adierazten zaigun hizkuntza-gatazka hau, pairatzen dugun nazio zapalkuntzaren osagai garrantzitsua da.

Euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi horren aurrean, eragile euskaltzaleok tamainako erantzuna egituratzeko erantzukizuna dugu, baita LABek ere. “Erasorik ez erantzunik gabe” kontsigna euskararen aldeko borrokara ere ekarriz, gure hizkuntza-eskubideen aurkako eraso bakoitzari aurre egin behar diogu; bai epaitegietatik etorriko zaizkigun epaiei aurre eginez, bai instituzioetatik edo politikagintzatik etorriko zaizkigun aurkako erabakiei aurre eginez, baita egunerokoan lantokiz lantoki euskaraz lan egin ahal izatea oztopatzen diguten oztopoei aurre eginez ere.

Baina akats larria egingo genuke orain arte lortutakoaren defentsa hutsa egingo bagenu. Hori da hein handian indar euskarofoboek bilatzen dutena. Euskararen normalizazio osoa lortzeko prozesuan atzerapauso bakar bat ere gertatzea ez dugu onartu behar. Hortik harago, administrazioaren euskalduntzea arautzen duen araudian aldaketa estrukturala egin behar dute instituzioetako arduradunek. Administrazioaren euskalduntzea beste paradigma batean kokatu beharra dago. Printzipio gisa euskararen eskakizuna administrazioko lanpostu guztietarako ezarri behar da, euskararen eta gazteleraren eskakizunak parekatuz; kudeaketa malgua ezarriko da testuinguru soziolinguistikoaren arabera, baina beti ere justifikazio zorrotzarekin; eta, langile publiko guztien euskalduntzea ahalbidetzeko baliabideak eta liberazioak areagotu behar dira. Hori guztia norabide argi batekin: euskaraz lan egin eta zerbitzua eskainiko duen administrazio euskalduna erdiestea. Filosofia hori jasoz EH Bilduk Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamena erregistratu du Gasteizko Legebiltzarrean eta hori izango da datozen hilabeteetarako eztabaidagai nagusietakoa.

Bide beretik, 2022an Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek EAEko administrazioa 15 urtetan euskalduntzeko proposamena aurkeztu genuen. Hiru urteotan, egoerak hobera egitetik urrun, aipatu atzerapauso larriak gertatu dira. Ondorioz, hurrengo hilabeteetan izango dugun zeregin garrantzitsuenetakoa proposamen hori berrikusi, eguneratu eta bultzada berria ematea izango da. Epe motzean, ikusteke dago Enplegu Publikoaren Legea aldatzeko proposamenek zein emaitza izango duten. Era berean, nazio ikuspegi batetik, Nafarroako administrazioaren eta Ipar Euskal Herriko administrazioaren euskalduntzean urrats berriak sustatzeko ekimenak ere jorratu beharko ditugu.

Beraz, borrokatu dezagun administrazioz administrazio, enpresaz enpresa zein lantokiz lantoki, euskaraz lan egiteko dugun eskubidearen alde. Hori ere bada LABeko kideon erantzukizuna. Zerbitzu publikoak euskalduntzeko eragin!