Enara Hernandez Herba: «Espero dugu mugarri bat izatea, patronalak eta gobernuak negoziatzera eserrarazteko.»

Azken urteotan soldatek ez dute bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan, eta horrek langileen bizi-baldintzak nabarmen kaskartu ditu. Testuinguru horretan, gutxieneko soldata duin baten beharra premiazkoa dela deritzo LABek. Horregatik martxoaren 17rako Greba Orokorra deitu dugu beste sindikatuekin batera, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa exigitzeko, hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua. Borroka hau langile klase osoarena da, eta hala azaldu digute Enara Hernandez Herba, haurreskoletako partzuergoko ordezkaria eta Belen Zabalo González Carrefour-eko ordezkaria.

1. Martxoaren 17an greba egingo duzue. Zergatik da garrantzitsua langileria guztia grebara ateratzea?

Bizi dugun egoeragatik: Gutxieneko soldata propioa eskuratzeko lan eta aldarrikapen asko egin ditugu, eta horretarako bi bide zabaldu ditugu. Alde batetik, negoziazio kolektiboa patronalarekin; eta bestetik, bide politikoa. Blokeo egoera gainditzeko ezinbesteko tresna bezala ikusten dugu Greba Orokorra.

2. Arrakalak (matxista, arrazista, adinagatikoa) gainditzeko bidean pauso bat aurrera egiteko balio behar du Greba Orokorrak.

Sistema patriarkala, arrazista eta kapitalistaren eraginez langileak geroz eta egoera prekarizatuagoan daude. Soldata oso baxuak dituzte, 300.000 langile baino gehiago daude 1.500 euroko soldata baino gutxiago kobratzen; aldiz, bizitzaren kostuak gora egin du. Soldatak ez dira maila berean igo. Horregatik Greba Orokor hau izango da kide horiek guztiak erdigunean jartzeko eta haien eskubideak eta lan baldintzak hobetzeko bidean urrats berri bat emateko.

3. Batzuek uste dute, 1.500 eurotik gorako soldata izanik, borroka hau ez dela haiena. Zer esango zenieke?

Klase kontzientzia indartzeko Greba Orokorra izango da eta klase elkartasuna landuko duen arren, ez . Hori bakarrik: bizi baldintzek okerrera egin dute, bizitzaren kostuak gora egin du etxebizitzan, elikaduran; energiak ere gorakada izugarria izan du eta soldatak ez dira maila berean igo. Beraz, langile guztiei eragiten dien greba izango da martxoaren 17koa.

4. Erosahalmenaren galera zerbait orokortua da, zuen eremuan, irakaskuntzan, ere.

Bai, noski. Ez gara hitz egiten ari soldata kopuru jakin batez bakarrik, erosahalmenaren galeraz, baizik. Batez besteko galera %20koa da. Nahiz eta pasa den ikasturtean borroka eta greba dinamikarekin hezkuntzako hainbat sektoretan soldata igoerak lortu, ez gara izan dugun galera konpentsatzera iritsi. Beraz, ezinbestekoa da hezkuntzan ere hori aldarrikatzea.

5. Gutxieneko soldata hemen erabakitzea lortuko balitz, honek ateak irekiko lizkioke bestelako lan baldintzak hemen erabakitzeari?

Zalantzarik gabe, gutxieneko soldata propioa lortzeak burujabetzara hurbiltzen gaitu. Aspalditik ari gara hemen lan egin, hemen erabaki aldarrikatzen eta argi daukagu estatalizazioak prekarizatzen gaituela, eta aldiz, hemen erabakitzen diren lan baldintzek bizi- eta lan-kalitatea hobetzen dutela. Hezkuntzan, adibidez, pasa den ikasturtean egin genituen borrokekin garbi erakutsi genuen, nola erabili ahal diren bestelako formula eta baliabideak: mahai sektorialak edo mahai orokorrak. Hala soldata igoerak lortu ziren.


6. Eta grebaren biharamunean, zer? Nola irudikatzen duzue martxoaren 18a?

Alde batetik, neke fisikoarekin; eta bestetik, poztasunarekin, greba arrakastatsua izango delako. Espero dugu mugarri bat izatea, patronalak eta gobernuak negoziatzera eserrarazteko.