2026-02-01
HomeIndustriaMetalgintza"Patronalaren amesgaiztoa izaten jarraituko dugu, Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat lortu...

“Patronalaren amesgaiztoa izaten jarraituko dugu, Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat lortu arte”

Bilboko kaleak hartu ditugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten defentsan deitutako manifestazio bateratua dela eta. Mezu argi bat helarazi diogu FVEM patronalari: indartsu gaude eta borrokan jarraituko dugu gure helburuak lortu arte. "Patronalak entzuten ez bagaitu, urrats eraginkorrak eman ezean, Bizkaiko metalgintzako langileek berriro geldituko dugu sektorea, irailaren 30 eta urriaren 4a bitarteko greba dela eta", ohartarazi du LABeko Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak.

Mezu garbi bat helarazi diogu Bizkaiko metalgintzako FVEM patronalari, Bilboko kaleetan: ez du normaltasunik izango sektorean, Bizkaiko metalgintzak hitzarmen duin bat izan arte.

Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko idazkari Xabier Ugartemendia, manifestazioan.

Hain zuzen ere, Bizkaiko metalgintzako langileen aldarrikapenak ozen entzun dira Bilboko manifestazioan: soldata igoera duinak, behin behinekotasunari mugak jarri, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna, subrogazio eskubidea eta lanean osasuna eta bizitza ez galtzeko bermea dira aldarri nagusienak, hain justu. Hala zerrendatu ditu LABeko Industria Federazioko idazkari Eulate Zilonizaurrekoetxeak, manifestazioa aurretik egindako adierazpenetan.

Geroago, Bilboko kaleak zehartu eta gero egindako amaiera ekitaldian, LABeko Industria Federazioko kide Iratxe Azkuek hartu du hitza: "FVEM patronalaren amesgaiztoa izaten jarraituko dugu, Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duin bat lortu arte".

Azkueren hitzetan, bada garaia patronalari mugak jartzeko, urteak eman baititu aberasten langileen esplotazioaren bitartez: "Patronalak bere pribilegioak mantentzen jarraitu nahi du behin behinekotasuna, azpikontratazioa, aberastasunaren banaketa eza eta gure osasuna eta bizitzen bitartez. Baina, metalgintzako langileek honi guztiari aurre egiteko erabakia hartu dute, patronalaren menpe egoteko inongo asmorik ez dutelako".

Industria Federazioko kide Iratxe Azkue, hitza hartzen, amaiera ekitaldian.

Hala, patronalaren jarrera aldatu ezean, borrokak bere horretan jarraituko duela nabarmendu du LABeko ordezkariak. Zentzu honetan, irailaren 30eko astean, beste bost greba egun deitu ditugu sektorean, Bizkaiko metalgintzako hitzarmen duin baten defentsan.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...