2023ko pentsioen azken erreformaren aurka langile asko bildu eta mobilizatu ziren. Geroztik, Frantziako estatuko egoera sozial, ekonomiko eta politikoa oso ezegonkorra da. Asanblea Nazionalean ez dago gobernu osatzeko gehiengorik, Macronek Errepublikako presidente karguari eusten dio, eta gobernuak, 2026rako aurrekontu bat eraikitzeko helburu nagusiarekin, bata bestearen ondotik desegiten dira.
Beraz, Pirineo Atlantikoetako departamenduak ere aurreztu egin behar du, eta, beti bezala, Euskal Herria da batez ere politika hauek ordainduko dituena, bereziki eramu sozialean eta medikuntza sozialean. 2025eko apirilaren 1az geroztik, medikutza sozialeko langile guziak hainbat aldiz mobilizatu dira. Joan den urriaren 9an, LABek lehen aldiz lortu zuen greba deialdi bat bultzatzea Ipar Euskal Herritik, Frantziako sindikatuen zain egon gabe. Ez ginen milioiak Baionako karriketan, baina Ipar Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herritik eraiki deialdi baten gibelean mobilizatu ziren sektore oso bateko langileak.
25 urte dira intersindikalak baztertzen gaituela edo boikota egiten digula, eta gu gabe erabakitzen duela eraso ezberdinei zer nolako erantzuna eman behar zaien. Baina gero eta zailagoa zaio ildo horri eustea eta, batez ere, LAB gabe mobilizatzea. Azken aldian, CGTk, FSUk eta Solidairesek Parisen erabaki dute 2025eko abenduaren 2an mobilizatzea, baina ez dute prestakuntzarik eta antolaketarik egin egun arrakastatsua izan dadin. Gure aldetik, hautu bat egin dugu, ez dugu biharamunik gabeko deialdi hori segituko, eta gure indarrak lurraldean batuko ditugu, beren lan baldintzen alde borrokan ari diren langileekin batera: azaroaren 27an bezala SEAPBeko langileekin, edo hurrengo asteetan Atherbea-nen, greba mugimenduak eraikiz, non zuzendaritza saiatzen den langileei ordainarazten Pirineo Atalantikoetako departamenduko aurrekontu murriztaileak. Administrazio publikoan ere engaiatuak izanen gara, Kanboko Herriko Etxearen aitzinean greba deitu dugu abenduaren 5erako, baldin eta auzapezak ez badu berehala geldiarazten zerbitzuen berrantolaketa, horrek lurraldeko dozenaka langile publikoren lan baldintzen okertzea ekarriko baitu.

