Belen Zabalo González : «Hemen borrokan jarraitzen dugula erakutsiko dugu berriro.»

Azken urteotan soldatek ez dute bizi-kostuaren igoerari erantzuteko adinako hazkunderik izan, eta horrek langileen bizi-baldintzak nabarmen kaskartu ditu. Testuinguru horretan, gutxieneko soldata duin baten beharra premiazkoa dela deritzo LABek. Horregatik martxoaren 17rako Greba Orokorra deitu dugu beste sindikatuekin batera, 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa exigitzeko, hemen erabakitakoa eta bertako errealitate sozioekonomikora egokitua. Borroka hau langile klase osoarena da, eta hala azaldu digute Enara Hernandez Herba, haurreskoletako partzuergoko ordezkaria eta Belen Zabalo González, Carrefour-eko ordezkaria.

1. Martxoaren 17an greba egingo duzue. Zergatik da garrantzitsua langileria osoa kalera ateratzea?

Greba honekin hona ekarri nahi dugu orain Madrildik zuzentzen den negoziazioa. Baldintzak ez dira berdinak leku guztietan, eta egungo gutxieneko soldata ez da nahikoa guretzat. Gainera, borroka hau langile klase osoarena da, ez gutxieneko soldata kobratzen dugunona soilik.

2. 1.500 euro baino gutxiago kobratzen badituzu, ze eragin izan dezake greba honek zure sektoreko negoziazio kolektiboan?

Hitzarmen estatalaren azpian gaude gu, eta honek kalte handia eragiten digu gure erkidegoan bizitza maila eta abantailak berdinak ez direlako. Horregatik, komenigarria litzateke hitzarmen propioaren alde borrokan egitea, eta ez gaitzatela beti Madrildik zuzendu.

3. Zuen sektorean greba egiteko zailtasunak dituzue. Zeintzuk dira?

Arazo asko ditugu, gure sektoreko langileak gazteak eta aldi-baterakoak direlako eta asko aldatzen delako. Etengabe aldatzen dira langileak, eta horrek inplikazioa eta arazoak partekatzea zailtzen du. Elkar ezagutzen eta zerbait antolatzen hasten garenerako, berriro aldatzen dituzte. Patronalari egoera hori mantentzea interesatzen zaio, horrela ez dagoelako afinitaterik lankideen artean aldeak, arazoak edo kontratu prekarioak eztabaidatzeko. Kontratuak hilerokoak izaten dira eta ez dute ordu nahikoa izaten. Hori da gure arazorik handiena.

4. Greba Orokorrak balio behar du arrakalak (matxistak, arrazistak, adinaren araberakoak) gainditzeko aurrera urrats bat emateko.

Sektore askotan gizonen eta emakumeen* arteko desberdintasunen aurkako aldarrikapena izan beharko luke, arrakala hori murrizteko. Ikusgarritasun txikiena duten eta aukera gutxien dituzten kolektiboei, euren eskubideen alde borrokatu ezin dutenei, laguntzea ere garrantzitsua da. Guk gehiago babestu beharko genituzke.

5. Eta grebaren hurrengo egunean, zer gertatuko da? Nola irudikatzen duzue martxoaren 18a?

Oso zorte handia izango litzateke emaitza oso positiboak lortzea lehenengoan. Ziurrenik borrokan jarraitu beharko dugu lurralde edo erkidego bakoitzean negoziazio bat lortzeko, eta ez dadila dena orain arte bezala Madrilen erabaki. Hobekuntzen alde borrokan jarraituko dugu, baldintza eta soldata hobeen alde. Eta hemen borrokan jarraitzen dugula erakutsiko dugu berriro.