2026-02-01
HomeEkintza SindikalaBehin-behinean dauden lanpostu guztiak finko egin eta bertako langileen egonkortasuna helburu ekingo...

Behin-behinean dauden lanpostu guztiak finko egin eta bertako langileen egonkortasuna helburu ekingo diegu sektore publikoko negoziazio prozesuei

Ez diegu erakundeen iruzur berririk onartuko eta orain arte kontratuen metaketaren bidez bete izan diren lanpostu guztiak finko egitea proposatuko dugu sektore publikoko negoziazio mahaietan. Horrekin batera, behin-behineko langileek bere lanpostuetan egonkortzeko neurriak proposatuko ditugu. Horrela adierazi dute Gorka Berasategi eta Eider Casanova Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunek, gaur egindako agerraldian.

Euskal erakundeetan dagoen behin-behinekotasun maila onartezina dela ez du inork ukatzen. Horrelaxe adierazi zuen 2016 urte amaieran Europako Auzitegiak, erakunde publikoen kudeatzaileen utzikeria eta egoeraren ez-legezkotasuna azpimarratuz.  Gobernuetako administrazioek diskurtsoan ere onartezina dela errepikatzen bazuten ere, urte luzeetan enplegu publikoa ez egonkortzeko apustu garbi bat egin dute, zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatzeko xedea zuena.

Egoera horri aurre egiteko salbuespenezko neurriak erabaki behar zirela aldarrikatu dugu. LABeko kideok euskal negoziazio esparruan kokatu izan ditugu balizko salbuespeneko neurri hauek, enplegu publikoa kontsolidatzeko euskal  legeak, hain zuzen ere. Euskal erakundeen beharretara egokitzen den araua aldarrikatu izan dugu, baina, azkenean, Espainiako Diputatuen Kongresuak arautu ditu salbuespenezko prozesu hauek.

Ongi azaldu genuen moduan, lege honek ez du euskal instituzioetan dagoen behin-behinekotasunaren arazoa konponduko. Legea irakurrita, milaka lanpostu prozesu hauetatik kanpo geldi daitezke, eta horren ondorioz milaka langilek egoera berean jarraituko lukete. Legeak lanpostuen ezaugarrietan jartzen du arreta, ez ordea, langilearen egoeran. Negoziazio kolektiborako mugak nabariak izan daitezke, beti ere erakundearen borondatearen arabera, eta azken hitza berak du. Gure ustez, negoziazio mahaietan prozesuak gatazkatsuak izango dira eta mobilizaziora jo beharko dugula argi dugu borondate horiek baldintzatzeko.

Hori guztia horrela izanda, LABk negoziazio prozesu hauetarako bere lehentasunak zehaztu ditu. Arestian esan dugun moduan, LAB sindikatuak enplegu publikoa egonkortzeko prozesu hauek zerbitzu publikoak indartzeko eta erakunde publikoetako langileak bertan egonkortzeko baliatu nahi ditu. Hori dela eta, hauek izango dira negoziazio prozesu horietan ezinbestez defendatuko ditugun aldarrikapenak:

  • Behin- behinean dauden lanpostu guztiak deialdi hauetan atera behar dira. Hemen barneratzen ditugu programa kontratu guztiak, zerbitzu eginkizun guztiak, baita kontratu metaketaren bidez bete diren lanpostuak ere.
  • Dagoeneko indarrean dauden deialdiak prozesu hauen baldintzetara egokitzeko eskatuko dugu.
  • Lanpostuari egokitzen zaion gaitegia erabiltzea eskatuko dugu, gaitegi orokorrak alboratuz.
  • Bertako langileak egonkortzeko neurriak eskatuko ditugu, hala nola lan eskarmentua lehenestea, erakunde deitzailean lan egindako denbora lehenestea edo eta plaza atera ezean erakundean egonkortasuna bermatzeko neurriak. Arreta berezia jarri nahi dugu urte luzez enplegu deialdirik egon ez den emakumeen kolektiboetan, zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten langileak bertan egonkortu daitezen.

Eusko Jaurlaritzari eta gainontzeko erakundeei jakinarazten diegu, negoziazio prozesuetan arestian esandako neurriak izango direla gure bide orria. Zerbitzu publikoen defentsan eta langileen eskubideen defentsan iruzur berrien aurrean tinko mantenduko gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...