Urte hauetan guztietan, Arabako adinduen egoitzetan herrialdeko hitzarmenaren beharra aldarrikatu izan dugu eta borrokaren lehen lerroan egon da LAB. Sindikatuan antolatuta dauden ordezkari, afiliatu eta sektoreko langile ugarik 60 greba egun baino gehiago sostengatu dituzte, eskuzabaltasunez jokatuz, zegokiena baino gehiago emanez.
Sektoreko langileek hitzarmen estatalaren miseriari aurre eginez eutsi diote estatalizazioaren kontrako borrokari eta negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekartzea izan da hasieratik LABen antolatuta dauden langileek egin duten borroka honi heltzeko elementu garrantzitsuenetariko bat. Herrialdeko hitzarmenaren beharrarekin bat egiten du LABek, adierazi bezala, jasotzen dituen hainbat eduki, guk proposatu eta borrokatu ditugunak dira.
Hala ere, ELAk aldebakartasunez adostutako hitzarmenak ez du sektoreko langileentzako berme nahikoa jasotzen, eta, horren ondorioz, sektoreko hainbat langile kaltetuko ditu herrialdeko hitzarmenaren aplikazioak, ez baitu bere gain jasotzen “Baldintza onuragarriagoen bermea” edo “Ad personam” klausula. Hau da, enpresa hitzarmenen bidez lortutako hobekuntzak, behin enpresa hitzarmenaren iraunaldia bukatzen denean, langile horiek gaur egun dituzten eskubide batzuk galtzeko arriskuan daude. Gainera, Martxoaren 17rako, Hego Euskal Herrian bi sindikatuek deitutako greba orokorraren aldarri nagusia (1500eko gutxieneko soldata) alboratzen du ELAk sinatutako akordio honek, izan ere 2028 urterako helduko dira langileak minimo horretara, eta ez kategoria guztietan. Izan ere, kategoria batzuk kopuru honen azpitik geratuko dira hitzarmenaren iraunaldi bukaeran.
LABen ustez, herrialdeko lehen hitzarmena, sektore honek behar zuen urratsa da eta gure lehentasuna, orain, enpresaz enpresa ekintza zuzenean jardutea izango da. Horrela, behin hitzarmena indarrean dagoenean, arretaz jarraituko dugu trantsizioan atzerapausorik ez egotea eta enpresa eremuan eskuratutako eskubideak murrizten ez direla bermatzea. Sektoreko hitzarmenak eskubideen oinarri izan behar du, eta inolaz ere ez du balio behar egoitza bakoitzean dauden baldintza onuragarriagoak okertzeko aitzakia gisa.

