LABek determinazioz ekingo diogu Bizkaiko eta Arabako metalaren hitzarmenen negoziazioei

LABetik determinazioz, arduraz eta Bizkaiko eta Arabako metalaren sektoreko langileen bizi eta lan baldintzak hobetzeko konpromiso irmoarekin heltzen diegu negoziazio hauei.

Joan den azaroaren 26an eratu zen Bizkaiko metalaren hitzarmenaren negoziazio mahaia, 59.000 langile baino gehiagori eragiten diena. LABentzat, negoziazioa ez zen egun horretan hasi; izan ere, hilabeteak daramatzagu prestaketa lanetan, antolakuntzaz eta estrategia argi batez. 2019an eta 2022an lortutako garaipenak mobilizazio garrantzitsuen emaitza izan ziren, FVEM patronalak eskubideak murrizteko egin zituen saiakeren aurrean.

Bestalde, Arabako metalaren hitzarmenaren negoziazioak, 25.000 langileri eragiten dienak, datorren urtarrilaren 26an hasiko du formalki bere ibilbidea, negoziazio mahaia eratzearekin batera. LAB prozesu honi indartuta aurre egiten dio, laugarren indar sindikala izatetik hirugarrena izatera igaro ondoren, azken negoziazio prozesuarekiko ordezkaritza %40 handituta.

LABek sektoreko hitzarmenak ezinbesteko erreferentziatzat ditugu langileen lan eskubideen babesa bermatzeko, bereziki tailer eta enpresa txikienetan. Argi dugu eskubideak borroka kolektiboaren bidez lortzen direla, eta ezinbestekotzat jotzen dugu negoziazio prozesu osoan zehar langile guztien aktibazioa, inplikazioa eta erantzunkizuna.

Negoziazio berri hauetan zailtasunak aurreikusten ditugu, baina berresten dugu gure lehentasuna sektoreko langileak direla, eta sektoreko hitzarmen sendoen defentsa, gutxieneko baldintza duinak bermatuko dituztenak, bereziki egoera ahulenetan daudenentzat. Beste behin ere, gakoa mobilizazioa eta sektorearen batasunean izango da.