15 urte baino gehiagoko borroka eta mobilizazioen ondoren, LAB sindikatuak, ELA, UGT eta CCOOekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hitzarmen propioa lortzeko lehen negoziazio mahaia eratzea lortu du. LABek beti egin du estatalizazioarekin amaitu eta hemen, Euskal Herrian, lan baldintzak negoziatzearen alde. Lorpen hau aurrerapauso nabarmena da bide horretan.
Orain arte, sektoreko lan-baldintzak herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenek edo kolektibitateetako hitzarmen estatalak arautzen zituzten, kolektibitateetan lan egiten dutenen errealitatetik urrun. Urrats berri honek sektorea lan baldintza justuago, duinago eta bere errealitatera egokituagoetara hurbilduko du.
LABek aurkeztuko duen plataforma oinarriarekin eraikiko da, langileen parte-hartze aktiboarekin, haien beharrak eta errealitateak zintzo islatuko dituela bermatzeko. Helburua: sektoreko pertsona guztiek lan-baldintza berberak izatea, diskriminaziorik eta desberdintasunik gabe. Hori ere funtsezko urratsa da, oso feminizatuta dagoen, historikoki ikusezin bihurtu den, eta lan eta gizarte arloan funtsezko ekarpena egin duen sektore bat duintzeko.

