2023-12-07
HomeEkintza SindikalaUrriaren 11n grebara joko dugu EHUn

Urriaren 11n grebara joko dugu EHUn

Lan baldintzen prekarizazioa salatu eta langileok gure eskubideak defendatzera mugitzeko deiekin hasi dugu ikasturtea EHUn. Bada oraingoan, LAB, CCOO, STEILAS eta ELA sindikatuok urriaren 11n egun osoko greba egitera deitzen ditugu EHUko irakasle eta ikertzaile guztiak.

Unibertsitate Sistemako Lege Organiko berriaren USLOren gainean errektoretza-taldeak egiten duen irakurketa interesatuak eragin zuzena izan du ordezko irakasleen kontratu berrietan; haiek, gehienetan, soldata prekarioekin (<800€) ordaindutako arduraldi partzialekoak izango
baitira hemendik aurrera. Hori onartezina da, baina gure lan baldintzen okerragotzea ez da oraingo auzia eta ez die bakarrik ordezko irakasleei eragiten. Aspalditik datorren kontua da eta irakasle-ikertzaile guztioi eragiten digu. Egiturazko arrazoiak ditu atzean eta zerikusia dute, batez ere, unibertsitate publikoaren, alegia EHUren, behar bezalako finantzaketa ezarekin.

Urteak daramatzagu ikusten nola joan diren irakasleen ordezkapenen baldintzak okertzen eta gutxitzen. Nola garai batean ziurrak ziren ordezkoak (adibidez, gurasotasunak) zenbaitetan ukatzen hasi ziren, nola ordezko irakasleak lanean hastea hilabetetan atzeratzen zen eta nola ordeztu gabeko lan zama lankideen bizkar erortzen zen. Hau guztia ikasleen kalterako ere, taldeak batzera behartuta. Orain, ordezkoen kontratazio eredu berriaren interpretazioak arazoa areagotuko du. Ordezkapenena, beraz, guztion arazoa da.

EHUko Errektoretzak, prestatzen ari omen den Irakasleen Plan Zuzendaria aipatzen du arazo hauen irtenbide modura, ordezkoen kontratazio beharrak zeharo murriztuko omen dituena. Zentroen eta sailen zuzendariekin izandako bileretan azaldu zieten arabera, irtenbidea oso sinplea da: ordezkoak ez diren eta irakasle atxiki berriak ez diren gainerako irakasleen irakaskuntza kreditu-ahalmena handitzea. Baina Sail batzuetan urte gutxi barru izango diren erretiroen kontura egin dituen irakasle laguntzaile doktore batzuen kontratazioaz aparte ez dugu Plan horren arrastorik ezagutzen.

Kontrara, bai ikusi dugu, ordea, nola iaz aldebakartasunez deuseztatu egin zuten erretiroen akordioa eta ondorioz gogortu egin diren borondatezko erretiroak sustatzeko baldintzak, plantillaren erreleboa erraztu ordez, hura zaildu duten. Ikusi dugu nola inposatu zaizkigun zentroak ixtea edo nola okertu diren oinarrizko lan-baldintzak, adibidez berokuntza murriztea. Eta ezagutu dugu baita abian dagoen Jardun Akademikorako planaren (JAP) erreformaren asmoak ere (Unibertsitateak irakaskuntza, ikerkuntza eta kudeaketa lanak aitortzeko erabiltzen duen tresna), beharrezko berrantolamenduaren aitzakiarekin, murrizketekin datorrena, irakasleon lan zamak areagotzeko.

Eta ikusten ari gara nola oraindik mantendu egiten diren irakasle-ikertzaile kolektiboen arteko bereizketak eta diskriminazioak, hala Eskoletako eta Unibertsitateko irakasleen artean irakas zamari dagokionean nola arduraldi osoko eta partzialekoen artean, edota irakasle ikertzaile iraunkor eta aldi baterakoen artean zenbait osagarri eskatzeko orduan (irakaskuntzako bosturtekoak, ikerkuntzako seiurtekoak…) eta dagoen burokratizazioa. Diskriminazio berriak ere sortu dira, lehengoko irakasle atxikien eta egungo irakasle laguntzaile doktoreen artean, adibidez, baldintza ekonomiko berdinen pean irakastordu kopuru ezberdinak eman behar baitituzte.

Ikertzaile hasiberriak ere prekarietate handian lan egitera behartzen dituzte ibilbide akademikoaren hastapeneko urteetan, doktore-tesia egin bitartekoetan, alegia, gutxieneko soldatatik gertu irabazten dutelarik. Eta ikerkuntzako ibilbidea egonkortu ezinda jarraitzen dute doktore ondoko ikertzaile askok eta askok, zenbaitetan puntako ikerkuntzako lana oso baldintza eskasetan egitera behartuta. Era berean, ikertzaile iraunkorrei ukatu egiten zaie beren lanbide- karreran gora egitea.

Funtzio Publikoko beste sektoretan bezala EHUko langileok ere ikusi dugu nola joan den murrizten gure soldaten balioa urtetik urtera. Azken urteotako soldata igoerek ez dute, ezta urrik eman ere, bizitzaren garestitzea konpentsatu. Irakasle eta ikertzaileon kasuan gogoan izan behar dugu aparteko osagarri gehigarriak izoztuta eta eguneratu gabe daudela 2006. urtean sortu zirenetik. Osagarri haiek, balioaren % 30 baino gehiago galdu dute urte hauetan.

Beraz, uste dugu badela EHUn mobilizazio sendo bat abiatzeko arrazoi ugari. Horregatik, EHUko irakasle eta ikertzaileak deitzen ditugu greba egitera urriaren 11n, honako aldarrikapenen multzo hauen inguruan:
1- Ordezko irakasleak:
1.1- Lanaldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkapenak lanaldi osora
1.2- Lanaldi partzialean dauden irakasleen gainerako aktibitateak (klaseen prestakuntza, formazioa, oinarrizko kudeaketa/koordinazio lanak eta irakasgaiari lotutako ikerketa) aitortu eta ordaindu. 41/2008 dekretua aldatu soldatak egokitzeko.
2- Irakaskuntza-zama:
2.1- Irakaskuntza-zama handitzeari ez! JAPeko kreditu kopurua mantendu IRI kolektibo guztiak sartuz eta beraien artean oreka bilatuz.
2.2- Sailak hornitu. Plantillak handitu.
2.3- Burokratizazioari mugak jarri.
3- Erosahalmena:
3.1- Soldatak handitu galdutako erosahalmena berreskuratzeko.
3.2- Diskriminaziorik ez bosturtekoak eta seiurtekoak eskatu, aitortu eta jaso ahal izateko. Meritu nahikorik duten aldi baterako irakasle-ikertzaileen diskriminazioari ez!
3.3- Osagarri gehigarriak eguneratu.
4- EHUko finantziazioa:
4.1- Finantziazioa handitu EAEko BPGren % 1era heltzeko. Plangintza adostu eta publikoa egin.
4.2- Baliabide ekonomiko hauek langileriara ere bideratu; EHUko plantilla handitu eta gaztetu.

EHUn prekarizaziorik EZ! Urriaren 11an grebara!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

Estatuan baino gutxiago ordaindu beharko dutenez, Fortuna Handien gaineko Zergaren inguruko akordioak patronalari eta kapital errentei mesede egiten die

Ditugun eskumenak presio fiskala areagotu eta zerga sistema sakonki eraldatzeko baliatu behar direla uste dugu LAB sindikatuan. Hala, EAJ-PSEren gobernuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioa ez da inondik inora ere nahikoa, eta kontrako norabidean doa.

Salatzen dugu atzo Erandion hildako langileak 66 urte zituela eta bakarrik ari zela soldadura lanak egiten

Lankide, senitarteko zein lagunei elkartasuna adierazteaz gain, lan-erreformek prekaritatea areagotu baino ez dutela egin nabarmendu du sindikatuak, lan-osasuna bermatu behar duten instituzioek gaiarekiko duten axolagabekeria kritikatzeaz gain.