2025-12-16
HomeEkintza SindikalaUnibertsitate publikoaren defentsan, irabazi asmoko unibertsitate pribatuei atea itxi behar zaie, aitzakiarik...

Unibertsitate publikoaren defentsan, irabazi asmoko unibertsitate pribatuei atea itxi behar zaie, aitzakiarik gabe

Unibertsitate pribatuak sortzeko irizpideak zorrozteko Gobernu espainiarraren saiakerak zeresan handia eman du azken boladan. Eskuinak, argudio bat edo beste bat erabilita, gogor egin du asmoaren kontra.

Azken urteetan, Espainiako estatuko erkidego batzuetan eta Euskal Herrian bertan ere, unibertsitate pribatu berrien agerpena mehatxu argia da unibertsitate publikoentzat eta, orokorrean, gizartearentzako. Irabazi asmoko unibertsitateak ugaritzeak arazo asko dakartza, besteak beste:

• Ikasketa unibertsitarioen eta ikasleen formazioaren kalitatearen kontra doa. Horrek, etorkizuneko profesionalen prestakuntza kolokan jartzen du, titulua izan baina beharrezko ezagutza eta gaitasunak ez dituztenen kopurua gero eta handiagoa izango baita.

• Ikasleak lortzeko unibertsitate publikoarekin lehian sartzen dira. Horrek kolokan jartzen ditu unibertsitate publikotik eskainitako gradu eta master batzuk, jakina baita unibertsitate pribatuek beren “produktua” saltzeko publizitate-baliabideak dituztela.

• Diru publikoa lortzeko lehian sartzen dira. Zuzenean edo zeharka, formaziorako eta ikerketara bideratutako funts publikoen parte batek unibertsitate pribatuak finantzatzen ditu.

• Goi-hezkuntzaren elitizazioa elikatzen du. Unibertsitate pribatuen matrikulak ezin dituzte ordaindu ikasle eta familia askok. Horrek unibertsitate mailako segregazioa dakar.

Arrazoi horiengatik eta etorkizunean larritu daitekeen egoeraren aurrean neurri zorrotzak hartzea defendatzen dugu, hezkuntzaren merkantilizazioa eta negozioa egiteak gidatutako unibertsitate gehiago ez sortzeko. Era berean, unibertsitate publikoaren finantzaketa handitzea eskatzen dugu. Datu bat emateagatik, Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak 2030erako BPGren % 1izatea helburutzat badu ere, EHUk Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen finantzaketa EAEko BPGren %0,42 baino ez da. Baliabide nahikoak behar ditugu kalitatezko unibertsitate publikoa indartzeko, euskal jendartearen beharrei egoki erantzungo diena.

Eusko Jaurlaritza Gobernu espainiarrak iragarritako neurrien kontra agertu da, eskuduntzen inbasioaren argudioarekin. Argi daukagu Euskal Herriko unibertsitate publikoen garapena hemen eraiki eta erabaki behar dugula, baina eskumenen inbasioa ezin da aitzakia izan hemen bertan unibertsitate pribatuei alfonbra gorria jartzeko, gertatzen ari den moduan. Azken negoziaketen ondorioz, online unibertsitateak, irizpide batzuen menpe bada ere, Eusko Jaurlaritzaren menpe geratzea ez da batere nahikoa bide horretan. Beste alde batetik, aurrekariak ikusita, unibertsitateak kategorizatzeko semaforoak orain arte egondako permisibitatea kolorez apaintzeko soilik balio dezakeenaren susmoa daukagu.

Eskumenen inbasioaren aitzakian babestuta, ezinbestekoak diren neurriak leuntzeko saiakeran ari da Eusko Jaurlaritza. Ez du irmotasun bera erakusten unibertsitateen erabateko transferentzia eskuratzeko, Euskal Herrian behar dugun unibertsitatea eraikitzeko ahaleginean pauso garrantzitsua izango litzatekeena.

Euskal jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea hemendik arautu eta kudeatu behar dugu, kanpoko inposaketarik gabe, baina eskumenen inbasioa ezin da izan aitzakia irabazi asmoko euskal unibertsitate pribatuei atea irekita mantentzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Asuncion Klinikako enpresa batzordeak agerraldia egin zuen atzo, Eusko Legebiltzarrean

Urtebeteren ondoren berriz ere gure hitza eta iritzia zuen aurrean plazaratzeko etorri gara. Esan bezala, hainbat hilabete eta gero, hemen aurkitzen gara, zuen aurrean,...

CTLpack-eko langileek euren hitzarmenaren negoziazio egoera salatu dute eta bidezko hitzarmenaren aldeko mobilizazioak hasi dituzte

Ohar honen bidez, CTLpack Vitoria S.A. (lehen Tuboplast Hispania) enpresako ESK, ELA, CCOO, LAB, USO eta UGTko atal sindikalek publikoki salatu dute Hitzarmen Kolektiboaren...

Martxoaren 17an, greba orokorra: LGS hemen erabaki

ELAk, LABek, Steilasek, Hiruk eta Etxaldek greba orokorra deitu dute datorren martxoaren 17an, Hego Euskal Herrian gutxienez 1.500 euroko LGS bat ezar dadin galdegiteko. ELAk,...