2024-04-25
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntza"Osasuna, enplegua eta pertsonen beharra erdigunean jarri behar dira"

“Osasuna, enplegua eta pertsonen beharra erdigunean jarri behar dira”

Hiru greba egun deitu ditugu EAEko eskola publiko, pribatu eta itunduetako jantokietan, eta horietatik lehena gaur gauzatu dugu. Hala, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta, mobilizazioak egin ditugu hiriburuetan; hain justu, elkarretaratzeak Gasteiz eta Donostian, eta manifestazioa Bilbon.

Grebarekin urrats bat eman dugula aurrera nabarmendu dugu, ikusezinak izateari uzteko. Izan ere, urratsa emateak, mobilizatzeak, borrokak azkenean emaitzak ematen ditu. Greba-aurreabisu bat behar izan da Hezkuntza Sailak jakin dezan eskola jantokietako langileen kolektiboa ere existitzen dela, eta eskubideak dituztela.

Langileek nabarmendutakoaren arabera, “entzunak izateko eskubidea, gure osasunerako eskubidea, gure enplegu eta lan baldintzarako eskubidea. Hezkuntza komunitate osoa irailaren 15ean grebara joan behar izan ginen elkarrizketa batzuei bide emateko. Jangeletako langileoi, ordea, muzin egiten jarraitu zaigu, euren zuzeneko langileak ez garelakoan, azpikontratak garelako, pribatizatzeko erabakia eurena ez balitz bezala”.

Donostiako elkarretaratzea.

Kurtsoa hasi denetik, langileen egoera oso ezegonkorra izan da eta ezjakintasun horrek hezkuntza itzulera antsietatez bizitzera eraman ditu: “Ez genekien lanean hasiko ginen edo ez, langabezia luzatuko ziguten edo ez, gure lankideekin egongo ginen edo ez, zenbat haurrekin egon beharko ginen, burbuilak egongo ote ziren, zenbat denbora izango genuen garbiketa egiteko… Eta honek guztiak arduradun bat dauka: Eusko Jaurlaritza. Gurekin bildu eta itzulera adostu ordez, beste alde batera begiratzen ibili baita, aldebakarrez bete ezin daitezkeen protokoloak inposatuz”.

Gasteizko protesta.

Greba deialdiak ezinbestekoak izan dira Eusko jaurlaritzak bilera batera deitzeko: “Borrokak merezi duenaren seinalea da hau. Baina, ez gaitezen nahastu. Grebaren deialdiak ez zuen azken helburua bilera bat lortzea. Harrera egin behar digute, bai, baina entzun egin behar gaituzte. Gure beharrak, gure aldarrikapenak kontutan hartu behar dira. Finean, jangelen irekiera seguru eta adostua nahi dugu. Esan dugu eta errepikatuko dugu. Zerbitzuaren, enpleguaren eta lan-baldintzen mantentzea ez daude segurtasunarekin kontrajarriak, borondate eta erabaki politikoa da gakoa. Osasuna, enplegua eta pertsonen beharrak erdigunean jarri behar dira, aurrekontu edota kostuen gainetik. Ikastetxe publikoetako, pribatuetako eta itunpeko ikastetxeetako jangela-zerbitzuetan azpikontratatutako langileek merezi dugun errespetua eskatzen dugu, jangela irekiera seguru eta adostuarekin”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.

Pepsico Etxabarrin ituna berritzeko aurreakordioa #LortuDugu

Arabako lan zentroan 180 pertsona inguruk lan egiten dute, eta KPIaren araberako igoerak izango dituzte.

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.