2023-12-07
HomeEkintza SindikalaOsasun publikoaren defentsan, Asuncion klinikako langileen lan-baldintzek eta etorkizunak erdigunean behar dutela...

Osasun publikoaren defentsan, Asuncion klinikako langileen lan-baldintzek eta etorkizunak erdigunean behar dutela aldarrikatu dute

Tolosako Asuncion Klinikako langileak, euren 23. greba egunean, Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira Osasun Saila zuzentzen duenGotzone Sagarduiri euren aldarrikapenak helarazteko.

Tolosako Asuncion klinikak eskualdeko ospitale publiko funtzioa betetzen du, bertako 62.500 biztanleri zerbitzua emanez. Gipuzkoan dauden ESIetatik publikoa ez den ospitale bakarra da. Urte luzeetan zehar langileek zein herritarrek aurrera eramandako mobilizazioei esker, ospitale publiko baten proiektua aurrera doa.

LAB eta ELAk uste dute proiektu hau ez dela eskatzen dena izango, baldin eta gaur egun Asuncion klinikan dauden langileen lan baldintzak lehenesten ez badira. Ospitale berria %100 publikoa izatea, zerbitzu guztiak dituena eta gaur egun klinikak dituen langile guztiak bertan egongo direla bermatzea eskatzen dute.

Ospitale publikoa nolakoa izango denari buruzko eztabaida irekita dago, Plan funtzionalaren zirriborroa egina du Eusko Jaurlaritzak. Langileen aldarrikapenetatik oso urrun dago ordea, ez baitu bermatzen %100 publikoa izango denik, eta ez baititu aurreikusten inguruko beste eskualdeko ospitaleek dituzten zerbitzuak ematea ere.

Asuncioneko 328 langileekin zer gertatuko den ez du esaten. Azken hilabeteetan hiru eguneko lanuzteak eta 23 greba egin dituzte euren hitzarmenaren alde borrokan, baina enpresak ez du negoziatzeko inolako borondaterik. Diru publikoz ematen den zerbitzu publiko bateko langile hauek gero eta pobreagoak dira. Erosahalmena berreskuratu eta lan berbera egiten duten Osakidetzako langileen baldintzetara gerturatuko dituen KPItik gorako soldata igoerak eta 35 orduak eskatzen dituzte. Bitartean, klinika kudeatzen duen INVIZA enpresa-taldeak 5,8 miloi euroko etekinak izan ditu azken 4 urteetan, erregistroan dauden datuen arabera.

Zerbitzu publiko onak, duinak eta kalitatezkoak nahi badira, lan baldintza onak izango dituzten langileekin bakarrik eraiki ahalko dira; beraz, dagokion arduraz jokatu eta Asuncioneko langileen eskariak bete daitezen esku hartu dezala eskatzen diote LABek eta ELAk Jaurlaritzari.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

Estatuan baino gutxiago ordaindu beharko dutenez, Fortuna Handien gaineko Zergaren inguruko akordioak patronalari eta kapital errentei mesede egiten die

Ditugun eskumenak presio fiskala areagotu eta zerga sistema sakonki eraldatzeko baliatu behar direla uste dugu LAB sindikatuan. Hala, EAJ-PSEren gobernuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioa ez da inondik inora ere nahikoa, eta kontrako norabidean doa.

Salatzen dugu atzo Erandion hildako langileak 66 urte zituela eta bakarrik ari zela soldadura lanak egiten

Lankide, senitarteko zein lagunei elkartasuna adierazteaz gain, lan-erreformek prekaritatea areagotu baino ez dutela egin nabarmendu du sindikatuak, lan-osasuna bermatu behar duten instituzioek gaiarekiko duten axolagabekeria kritikatzeaz gain.