2024-04-24
HomeEkintza PolitikoaMadrilen posible ez dena Euskal Herrian egingarri egiteko mobilizatu gara

Madrilen posible ez dena Euskal Herrian egingarri egiteko mobilizatu gara

Abenduaren 1aren etorrerarekin, sindikatuok eta hainbat eragilek mobilizazioak egin ditugu goizean Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, arratsaldean herrietan deitutako manifestazioen aurrekari, “Lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde. Lan eta pentsio erreformei ez. Bizi duin baterako burujabetza” leloarekin. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du Bilbon, bertako udaletxetik abiatu den manifestazioa hasi aurretik, eta mezu argi bat luzatu du bertatik: “Orain, lan-harremanak eraldatzeko eta lan duina bermatzeko borrokatu behar da; orain, pentsio publiko duinak bermatzeko borrokatu behar da; orain, zerbitzu publikoetan gehiago inbertitzeko borrokatu behar da”.

LABeko idazkari nagusiaren arabera, “sindikatuak hilabeteak daramatza mobilizazio-ziklo berri bat irekitzeko lanean, Greba Orokor bat ortzi-mugan. Aktibazio sozial horrek Gobernuei eta patronalari mezu ozen eta argia bidaltzeko balio behar du; baita euskal alderdi politikoei ere, botoak euskal langileen zerbitzura jar ditzaten”.

Hilabete hauetan guztietan adostasunak sortu ditugula adierazi du eta, horregatik, gaurko mobilizazio egunean hainbeste sindikatu eta eragile kalera ateratzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du: “Langileen bizitzan eragina duten erabakiak hartzen ari dira lan-erreformarekin, pentsioekin, enplegu publikoa finkatzeko legearekin edo aurrekontuekin, eta erabaki horiek ez dituzte azken urteetako murrizketa eta prekarizazio politikak lehengoratzen. Mobilizazio fase berria ezin da mugatu erasoei erantzutera, azken Greba Orokorrera eraman gintuen bidea berreskuratu behar dugu”.

Garbiñe Aranbururen esanetan, “mobilizazio fase berri honek Madrilera begira egon behar du, Estatuko esparrutik inposatu nahi zaizkigun erabakietan eragiteko bokazioa izan behar du, baina, era berean, Madrilen posible ez dena Euskal Herrian posible egiteko anbizioa izan behar du; Gobernu autonomikoak eta patronala interpelatuz, ibilbide-orri propioa elikatuz”.

Idazkari nagusiak deitoratu du une honetan, ikusitakoak ikusita, ez direla lan-erreformak eta pentsio-erreformak indargabetuko: “Argi dago, batez ere pentsioen gaian, murrizketa berriak datozela. Erabaki horietan eragin nahi badugu, ezin dugu zain geratu, ekin egin behar dugu, ezin dugu denbora pasatzen utzi eta denbora hori agortzen ari da”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.

Babestu egin dugu oraindik aitortua ez zuten Osasunbideko osasun langileentzako Lanbide Karreraren ezartzea, baina osasun arlokoak ez diren langileei zabaltzea eskatzen dugu

Gaur eguerdian Iruñean egin den Osasunbideko mahai sektorialean, LAB sindikatuko kideok aldeko botoa eman diogu C eta D mailetako osasun langileentzako Lanbide Karreraren lege proiektuari. Lege proiektu hau LABek bere garaian Osasun Departamentuarekin lortu zuen akordioaren gauzatzea da, eta neurri garrantzitsua da horren onura jasoko duten 3.000 pertsona baino gehiagorendako. Hala ere, bidegabetzat jotzen dugu osasun arlokoak ez diren langileak kanpoan gelditu izana; beraz, borrokan jarraituko du Osasunbideko langile guzti-guztien lan baldintzak erabat duindu arte.

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.