2026-07-15
HomeEkintza SindikalaMaderas de Llodioko langileek enpresaren azken proposamena onartzea erabaki dute eta gatazkaren...

Maderas de Llodioko langileek enpresaren azken proposamena onartzea erabaki dute eta gatazkaren amaierari bidea ireki diote

Asanbladan hartutako erabakia 260 egunetik gorako greba eta mobilizazioari eutsi ondoren iritsi da.

Maderas de Llodioko Enpresa Batzordeak jakinarazi nahi du gaur egindako asanbladaren ondoren langileek enpresak aurkeztutako azken proposamena onartzea erabaki dutela. Erabaki horri esker, datozen egunetan gatazkaren behin betiko amaierari eta dagokion akordioaren formalizazioari bide emango zaio.

Enpresa Batzordetik orain arte lortutako guztia balioan jarri nahi dugu. 260 egunetik gorako greba eta etengabeko mobilizazioaren ondoren, Maderas de Llodioko langileek irmotasun handia erakutsi dute langileen interesen eta eskualdearen etorkizun industrialaren aurka alde bakarrez erabakiak hartu dituen enpresa baten aurrean.

Langileek argi utzi dute ez daudela prest horrelako erabakiak erantzun irmo eta antolaturik gabe onartzeko. Orain arte lortutako guztia, baita gaur egun mahai gainean dauden neurri eta konpromisoak ere, beren lanpostuak eta etorkizuna defendatu dituzten langileen borrokaren, batasunaren eta konpromisoaren emaitza dira. Antolakuntza kolektiboa, batasuna eta mobilizazioa funtsezkoak izan dira alternatibak sortzeko eta gatazkaren hasieran ezinezkoak ziruditen akordioak lortzeko.

Datozen egunetan akordioaren xehetasunak eta gatazka honi amaiera emateko jarraituko den prozedura azalduko ditugu. Oraingoz, soilik jakinarazi dezakegu langileek mahai gainean zegoen azken proposamena onartzea erabaki dutela; hilabete hauetan garatutako mobilizazioaren ondorio zuzena den proposamena, hain zuzen ere. Era berean, datozen egunetan prentsaurreko baten deialdia egingo dugu, zortzi hilabete baino gehiagoko borrokaren eta lortutako akordioaren balorazio zabalagoa egiteko.

Azkenik, gure eskerrik beroena adierazi nahi diogu eskualde osoari egunero jasotako babesagatik. Hasieratik ulertu zen borroka hau ez zela soilik Maderas de Llodioko langileen borroka, baita enpleguaren, industriaren eta eskualde oso baten etorkizunaren defentsa ere.

Uste dugu gatazka honek uzten duen irakaspen nagusia argia dela: borrokatzeak merezi du. Eta akordio hau borroka eta determinazio horri esker lortu da.

Maderas de Llodioko Enpresa Batzordea. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku-hartze sozialeko sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko aurkezturiko proposamena aurkeztu dugu, aldarrikapenei erantzun gabe segitzen duen patronalaren aurrean

ilabete eta erdi baino gehiago patronalaren aldetik inolako proposamenik gabe egon ondoren, atzoko mahaian AISAk uztailaren 29rako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, eta, bertan, sektorearen aldarrikapen ugariri behingoz erantzutea espero dugu.

Patronala Gipuzkoako gasolindegien hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da

LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ordezkaritzaren % 70,27 dugunok, elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, AEGA patronalaren jarrera salatzeko asmoz; izan ere, sektorean dauden benetako arazoei ez die erreparatzen patronal horrek. Hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, AEGAk negoziazioa blokeatu du, eta Gipuzkoako gasolindegietan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duintzeko akordio bat lortzea eragozten ari da.

Langileen osasuna bermatu dadila eskatzeko mobilizatzen ari dira Siban enpresaren lantegietan

Abanto Zierbenan kokaturiko Siban Peosa eta Siban Innobelting enpresetako langileek greba partziala egiten ari dira gaur, uztailak 15, 12:00etatik 16:00etara arte, hilaren 1ean Siban Innobelting lantegian izandako lan-istripua salatzeko.