2026-07-20
HomeEkintza SindikalaLABen elkartasuna 36 lagunen migrazio ibilbidea segurtatzeagatik epaitu dituzten kideei

LABen elkartasuna 36 lagunen migrazio ibilbidea segurtatzeagatik epaitu dituzten kideei

Gaur epaitu dituzte zenbait kide Baionan, iazko Korrikaren testuinguruan 36 migranteri Santiago zubitik muga pasatzen laguntzeagatik. Auzipetuen artean daude Argitxu Dufau eta Eñaut Aramendi LABeko kideak. Babes zabala jaso dute epaiketaren aurretik egin den elkarretaratzean, eta bertaratutakoen txalo artean sartu dira epaitegira.

Baionan egon da Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorra, sindikatuko beste hainbat kiderekin batera, eta adierazi du “harro gaudela langile migratuei laguntza eman dieten militante hauetaz”. Gaineratu du “klase elkartasuna ez dela delitua, betebeharra baizik”. “Langile migratuak gure klase beraren kide dira, eta esplotazioa eta jazarpena dagoen toki guztietan hor egongo da sindikatua, langileei laguntza ematen. Leku batean bizi edo beste leku batean jaio izan arren, guretzat denak dira langileak eta denak defendatuko ditugu, epaiketa ororen gainetik”, adierazi du.

J’accuse kanpaina arrakastatsua

Iazko urriaren 2an Hendaiako polizia etxean deklaratzera deituak izan zirenetik, etengabea izan da auzipetuek hilabete guzti hauetan jasotako elkartasun oldea. Horren erakusgarri nagusia izan da J’accuse kanpaina, iazko azaroaren 20an Irungo Ficoban aurkeztu zena migratzeko eskubidearen alde eta indarrean dauden migrazio politikak salatzeko. Norbanakoen 5.000 autoinkulpazio baino gehiago eta 80 eragileren babesa lortu ostean, milaka pertsona mobilizatzea lortu zuen urtarrilaren 26an Irun eta Hendaia artean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskaraz negoziatu ahal izateko plana eskatu diogu Lan Harremanen Kontseiluari

LAB EAEko Lan Harremanen Kontseiluarekin (LHK) bildu da negoziazio kolektiboan euskarak izan behar duen presentziaz eta erabileraz aritzeko. Bileran, sindikatuak berretsi du euskarak lan harremanetan eta negoziazio kolektiboan urrats sendoak egin behar dituela, eta horretarako neurri zehatzak hartzea ezinbestekoa dela.

Osakidetzako mahai sektorialetik altxatu gara, Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin egindako isilpeko negoziazioaren aurrean

LABen uste dugu langile kolektibo guztien ahotsa entzun behar dela, eta negoziazio kolektiboa ezin dela sindikatu edo kolektibo bakar baten eta administrazioaren arteko aldebiko harremanera mugatu. Udazkenean, lan baldintzak hobetzeko eta osasun zerbitzua indartzeko mobilizazio dinamika bultzatuko dugu.

Primafriok greba eskubidea urratzen segitzen du

Atzo, Arabako PRIMAFRIO enpresan bigarren lanuzte deialdia gauzatu zen. Aurrekoan bezala, enpresak berriro ere greba batzordeari lan zentrora sartzea debekatu zion, greba eskubidea urratuz...