2025-05-22
HomeIdazkaritzakLABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun...

LABek UGTSARIOren X. kongresuan parte hartu du: autodeterminazioaren aldeko borrokarekin konprometitutako elkartasun sindikala

LAB sindikatuak UGTSARIO sindikatu sahararraren X. kongresuan parte hartu du. Mahjub Brahim-i, sindikalismo sahararraren martiria eta erreferente historikoari, eskainitakoa izan da. Bertan 400 ordezkari sahararrek eta nazioarteko 80 ordezkarik hartu dute parte. Hiru eguneko kongresua izan da, eta bertan hainbat herrialdetako sindikalista, aktibista eta militantek beren konpromisoa berretsi dute Mendebaldeko Sahararen independentziaren aldeko borrokarekin, Marokoko okupazioaren kontra batasuna adieraziz eta nazioarteko elkartasun sareak sendotuz, eta horien artean izan da LAB.

Aurten, UGTSARIOk bere 50. urteurrena ospatzen du, LABek ere berriki egin duen moduan. 1975eko abenduaren 15ean sortu zen, klandestinitatean, Espainiako administrazio kolonialaren garaian, eta funtsezko eginkizuna izan du erresistentzian eta Saharako Estatuaren eraikuntzan.

Kongresuko bigarren egunean, paraleloki, VIII. Nazioarteko Konferentzia Sindikala egin zen. Bertan, besteak beste, emakume* langileek erresistentzian jokatutako paperaz, Saharako gatazkan Espainiaren erantzukizun historikoaz eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren funtzio publikoaz eztabaidatu zen.

Itxiera ekitaldian Nafee Ahmed Mohamed izendatu zuten UGTSARIOko idazkari nagusi, kongresuan egindako hauteskundeen ondoren. LABek zorionak eman nahi dizkio UGTSARIOri bere oinarriek egindako hautaketagatik, eta harreman estua mantentzeko konpromisoa adierazten dio zuzendaritza berriari ere.

Tentsioak egunetik egunera areagotzen diren nazioarteko testuinguru konplexu honetan —gerra inperialistak, Europaren berrarmatzea, Estatu Batuen politika ekonomiko oldarkorra, herri palestinarraren genozidioa…—, nazioarteko elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa da. Herriak eta munduko langileria sistema kapitalista eta biozida honen biktima zuzenak gara, irabazi ekonomikoak pertsonen bizitzaren gainetik jartzen dituena.

Beharrezkoa eta premiazkoa da paradigma aldaketa oso bat, nagusitzen ari den belizismoari aurre egingo diona, eta kontrabotereko sindikalismo bat, kapitalismoak garamatzan gerren testuingurua bere analisiaren erdigunean jarriko duena; izan ere, horren ondorioak suntsikorrak izango dira bakearentzat eta justizia sozialarentzat.

Euskal Herritik, konpromiso horretan berresten gara; herri sahararrarekin eta munduko beste herri guztiekin. LABen herri bat eta langile klase bat aurkituko dute beti euren ondoan jarraitzeko prest.

Yahia Sahara Horra! Gora herriak!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen

LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko 9 garraiolariak.

Pribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.