LABetik gure erabateko gaitzespena adierazi nahi diogu Guardianek aurkeztutako kaleratze kolektiborako espedienteari. Erabaki honek 171 lanposturen suntsiketa eta eskualdeko enpresa enblematikoenetako bat ixtea ekarriko du. Ez ditugu onartzen enpresak neurri drastiko hau justifikatzeko emandako arrazoiak, ez baititu behar bezala frogatu. Are gehiago, EEE aurkezteko aipatzen dituzten arrazoiak multinazionalak berak eragindakoak dira.
Guardianek modu arin eta arduragabean hartu du erabaki hau, enplegua mantentzeko eta lantegiaren etorkizuna bermatzeko edozein aukera itxiz. Guardianen industria-jarduera bideragarria da, eta beste proiektu edo aukera batzurekin jarrai zezakeen, eskualdeko industria-sarea eta ehunka familiaren etorkizuna bermatzeko. Baina, hala ere, multinazionalak lantegia ixtea erabakia hartu du, beste edozein alternatibari tarterik utzi gabe.
Prozesu osoa Eusko Jaurlaritzaren begiradapean eta onespenarekin egin da, eta horrek egoera larria ekarri du: fabrikako labea itzalita dago, materiala barruan duelarik. Ez da faktore tekniko edo produktibo saihestezinen ondorio, baizik eta enpresaren estrategia kontziente baten emaitza, bere itxiera bera modu artifizialean eragiteko.
LABetik argi daukagu Guardian fede txarrez jokatzen ari dela eta horrela adierazten ari da kontsulta epean. Asteleheneko bileran, aurkeztu dituzten arrazoien inguruko dokumentazio gehiago eskatu zen, baina oraindik enpresak ez digu ezer eman sindikatuei. Injustizia honen aurrean, instituzioek berehala esku hartu behar dute, konponbide azkarrak eskainiz. Lehentasuna lanpostuak mantentzea eta jarduera industriala bermatzea izan behar da. Eusko Jaurlaritza ez da ari lanpostuei eusteko lanean, ezta langileekin batera bide bat zabaltzen ere. Etorkizunerako inbertsioei buruz hitz egiten da, baina horiek ez dituzte ez enplegua ezta proiektua bermatzen.
Horregatik guztiagatik, Guardianek sortutako arrazoietan oinarritutako EEE hau berehala erretiratzea eskatzen dugu, eta enplegua babesteko eta multinazional batek bere nahia inposatzea eta 171 pertsona kaleratzea ekiditeko neurri zehatzak martxan jartzea exijitzen dugu.
LABetik dei egiten dugu mobilizazioetan parte hartzen jarraitzeko, Guardianeko Enpresa Batzordeak deitutako kontzentrazio guztietan, eta SOS AIARALDEA plataformak sustatuta, datorren larunbatean, martxoaren 15ean, Gasteizen egingo den eskualdeko ekimenean.
171 lanpostu jokoan daude. Instituzioek ezin dute beste alde batera begiratu eta irtenbide faltsuak saldu. Eskualdearen etorkizuna jokoan dago.
Guardian ez itxi!