2025-04-19
HomeEkintza SindikalaLABek MFS Trapaga Sintering-en itxiera salatzen du, 107 langileren kaleratzea ekarriko duena

LABek MFS Trapaga Sintering-en itxiera salatzen du, 107 langileren kaleratzea ekarriko duena

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak beren lanpostuak salbatzeko borrokan ari dira berehalako itxieraren aurrean. Bihar ostirala, EEEaren lehen bilera egunean, greba eguna izango dute eta elkarretaratzea egingo dute lantegiaren aurrean, 9:00etatik aurrera.

MFS Trapaga Sintering enpresako langileek muturreko egoera bati egin behar diote aurre. Datozen asteetan, enpresak langile guztien kontratuak etengo ditu Enplegu Erregulazioko Espediente (EEE) bat aplikatuz: jarduera behin betiko gelditu, eta 107 pertsona kaleratuko dituzte. Egoera kritiko hau enpresako zuzendaritzaren kudeaketa negargarri baten emaitza da.

Automozio sektorean 40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen enpresa da, motelgailu eta auto barruko segurtasun-sistemetarako osagaien fabrikazioan espezializatua. Edozein ibilgailutan beharrezkoak diren piezak dira, motorizazioa edozein dela ere; beraz, aurrez aurre dugun trantsizio ekologikoaren erronkara egokitu daiteke.

Kualifikazio handiko langileak eta sektorean urte askotako esperientzia izanik, jarduera produktiboak bideragarria izaten jarraitzen duela uste dute. Erakunde publikoei dei egiten diete MFSn lan egiten duten pertsona guztien lanpostuak eta lan baldintzak mantentzea berma dezaten.

Jardueraren jarraipena borondate politikoaren araberakoa da. Langileen ordezkariek interpelazio instituzionala hasi dute Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Trapagarango Udalarekin, lanpostuak mantentzeko duten ardura har dezaten.

MFS Trapaga Sintering enpresako langileak ez daude borrokatu gabe amore emateko prest. Lantegia ixteak zuzeneko 107 lanposturen galera eragiteaz gain, kolpe berri bat ekarriko luke Meatzaldeko eta Ezkerraldeko industriarentzat, desindustrializazio politika basatiek zigortutako eskualdeak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.