2025-05-22
HomeEkintza SindikalaLABek LEP partzialaren eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko botoa eman du Nafarroako Mahai...

LABek LEP partzialaren eta behin-behinekotasuna murriztearen aldeko botoa eman du Nafarroako Mahai Orokorrean

Euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen ezagutza zein lanpostutan baloratuko den jasotzen duen plantillaren aldaketa, ordea, aurrera atera da, bertan zeuden sindikatuetako bakar baten babesik gabe.

Asteazken honetan egin den Mahai Orokorraren bilkuran 603 lanpostuko LEP partziala onartu dugu (gehiengo zabalarekin). Horrela, maiatzean 3 urte beteko dituzten eta aldi baterako langileek betetzen dituzten lanpostuetako bat betetzen ari diren langile ez-finkoak ez kaleratzea lortu dugu. Gobernuaren asmoa da plaza horiek deitzea 2023 eta 2024 LEPetatik oraindik inongo deialditan sartu ez direnekin batera, guztira 4.000 plaza pasatxo. Gainera, ahalik eta azkarren egin nahi du, langile funtzionarioek legealdi amaiera baino lehen bete ditzaten.

LABek begi onez ikusten du norabide horretako edozein neurri, eta LEP partzial honen alde bozkatu dugu. Jakina da egonkortze-prozesuak ez duela bete, ezta hurrik eman ere, Administrazioaren behin-behinekotasuna % 8tik behera uzteko helburua, eta, gure ustez, puntu honek hobekuntzak egin nahi ditu norabide egokian.

Norabide berean ulertzen dugu gaur ere LABen aldeko boto bakarrarekin onartu den lege-dekretuaren proposamena. Langileen arloan hainbat neurri ezartzera dator hau, behin-behinekotasuna % 8tik behera jaistea helburu dutenak. Hasierako testuak hainbat neurri planteatzen zituen, hala nola 4.000 plaza horiek aurrez lekualdatze lehiaketara eskaini gabe argitaratzea, edo eszedentziei dagokienez denbora-mugarik gabeko hainbat aldaketa sartzea.

Hala ere, hilabeteko negoziazio prozesu baten ondoren, azken testuak LABek planteatutako alternatiba islatzen du. Honek, besteak beste, honako neurriak jasotzen ditu:

– LEPera ateratzeko dauden 4.000 plazak, aurretik, lekualdatze-lehiaketan eskainiko dira. Hori inoiz baino beharrezkoagoa da, kontuan izanik egonkortze prozesuaren ondoren dozenaka pertsona daudela lanaldiaren portzentaia guztiz ez nahikoa den plazetan kokatuta, eta horrekin ez zaiela jateko ere iristen.

– Lekualdaketa arintzeko, lanpostuko antzinatasuna eta, plazak hala eskatuz gero, hizkuntzak baino ez dira baloratuko.

– Eszedentzietan izandako aldaketek bi urtez baino ez dute eraginik izango.

LABen ez gaude formakuntzaren aurka, guztiz kontrakoa baizik, plantilla osoaren eskubide gisa ulertzen baitugu. Inolaz ere onartzen ez duguna da ehunka langile egotea bi aldiz zigortuak: lehenik eta behin, sistematikoki ukatzen zaielako INAPera prestakuntza-ikastaroak jasotzera joan ahal izateko baimena, baita beren lanpostuarekin zerikusia dutenean ere. Eta bigarrenik, horren ondorioz, gainerako langileek baino askoz puntu gutxiago dituztelako lekualdatze-lehiaketetarako. Era berean, ez gaude eta ez gara inoiz prest egongo zenbait erakundek dirua biltzeko asmoz egiten duten klientelismoa onartzeko, eurek eskaintzen dituzten prestakuntza-ikastaroak egitera behartuta daudenen beharraz eta profesionaltasunaz baliatutz. Gainera, ezin dugu sustatzen jarraitu erakunde pribatuen ikastaroak ordaintzeko milaka euro ere bideratzen dituzten langile publikoak egotea.

Hizkuntzen zehaztapena, adostasunik gabe

Baina, bestalde, Administrazioak ez du lortu Mahai Orokorrean gauden bost sindikatuetatik bakar batek ere babestea hizkuntzen ezagutza -euskararena nahiz komunitarioena- zein lanpostutarako baloratuko den ezartzen duen foru dekretuaren proposamena.

Azterketa zehatzago eta sakonago baten faltan, LABen iritzia da merituen dekretua bera zentzugabekeria hutsa dela, bikoitza gainera. Lehenik eta behin, irizpide ia antagonikoak ezartzen dituelako zehazteko zein plazatan baloratu behar den euskararen ezagutza, eta zein plazatan Europar Batasuneko hizkuntzena. Eta bigarrenik, irizpide horiek modu desorekatuan, nahasian eta inolako koordinaziorik gabe aplikatu dituztelako: departamentu batentzat euskara ebaluatu ahal izateko irizpideak betetzen dituzten plazak, beste batentzat ez ditu betetzen. Departamentu beraren barruan ere, desberdintasunak ikusten dira horiek praktikan jartzean. Eta okerrago dena, sail batzuetan langileei galdetu ere ez diete egin ea beren borondatez nahi zuten beren lanpostuak euskara eskakizuna izatea. Horren guztiaren ondorioz, hizkuntza-egoera anormala da, irizpide koherenteei erantzuten ez diena eta Nafarroako errealitate soziolinguistikoarekin inolako logikarik eta antzekotasunik ez duena. Nola ulertzen da, bestela, 1.459 plaza egotea Europar Batasuneko hizkuntzak bakarrik baloratzen dituztenak, euskara soilik baloratzen dutenak 459 baino ez diren bitartean? Nola ulertzen da PSN, Geroa Bai eta Zurekin alderdien Gobernuak idatzitako dekretua UPNren Gobernuak egindakoa baino murriztaileagoa izatea? Esandakoa, zentzugabekeria hutsa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

67 urte betetzear zituen garraiolari bat hil da Irunen

LABek jakin duenez, herenegun, goizaldeko 6:30ean, TRANSDIPE S.L. enpresako S.S. garraiolaria hilik agertu zen Irunen, lanerako prestatzen ari zen kamioiaren aldamenean. Kamioia martxan zegoen, atea irekita eta zantzu guztien arabera, heriotza ez traumatiko baten aurrean gaude. Azken honekin, gutxienez 20 langile hil dira urte hasieratik Euskal Herrian, hauetariko 9 garraiolariak.

Pribatizatutako zaintzako langileak mobilizazio nazionalera deitu ditu LABek, haien izaera publikoa aldarrikatzeko

Langile horiek zerbitzu publiko bat eskaintzen duten heinean, administrazioaren zuzeneko langile izan behar dutela defendatuko du LABek Donostian, eta, norabide horretan, lan baldintzen ekiparazioa aldarrikatuko du.

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.