2025-04-18
HomeEkintza SindikalaLABek benetako negoziazio zintzo, serio eta xantaiarik gabearen alde egiten jarraituko du...

LABek benetako negoziazio zintzo, serio eta xantaiarik gabearen alde egiten jarraituko du SIDENORen

Pasa den ostiralean CCOO, UGT eta USO sindikatuek SIDENOR Azkoitiako lan-zentroan esandakoen inguruan, honako prentsa oharra ateratzea erabaki dugu. LAB sindikatuaren “jarrera onartezina” eta “batzarrak lehertzen saiatu” izana leporatu ziguten.

Urteak dira hiru sindikatu horiek SIDENOReko zuzendaritzarekin batera eskutik helduta dabiltzala. Ordezkaritza daukaten lan-zentro gehienetan enpresarekin ezkutuko akordioak egiten dituzte, gero, pantomimak eginez, beraien akordioak plazaratzeko. Azken hamarkadan (edo gehiago) eskubideak galtzen ari dira hiru sindikatuek gehiengoa izan duten SIDENOReko lan-zentroetako langileak, hiru sindikatuek eta SIDENORek sinatutako akordioen ondorioz.

Azkoitira itzuliz, jakinda 2018ko azaroan hauteskunde sindikalak zirela, aipagarria da, urte bereko uztailean (hiru sindikatuek komiteko gehiengoa osatzen zutela aprobetxatuta), opor bezperatan, negoziazioa irekita egon gabe, eta asanblearik egin gabe, momentu hartan indarrean zen hitzarmena beste 5 urtez luzatzea erabaki zutela, langileon eskubideak eta lan-postuak murrizteko aprobetxatuz, urte horietan guztietan, hurrengo komitearen gehiengoaren jarduera erabat baldintzatuz. Jarrera garden eta parte-hartzailea irudituko zaionik agian, izango da.

2018ko azaroan hauteskundeetan gehiengoa galdu zuten eta, urte askoren ondoren, iaz hasi zen beraien gehiengorik gabeko aurrenengo negoziazioa. Enpresak negoziazio serio bat eraman beharrean, gehiengoa baldintzatuta zeukan ABEEE bat aplikatu zuen. Reinosa-ko (Kantabria) lan- zentroko komitearekin bilduta, hiru sindikatuek gehiengoa zeukaten. Horren ondorioz, sinatu egin zuten ABEEE (asanblearik konbokatu gabe kasu honetan ere), eta Azkoitian martxan izan da ordutik (Reinosan ez, akordioa ixteko beharrezkoa izan zen arren) langileak nekatu eta negoziazioa baldintzatzeko helburu garbiarekin.

Aurreko astean Azkoitian izan zen asanblada deitzeko lortutako sinadurak azaroan bildutakoak ziren; beste gai-orden batekin; asanblada deitzeko sinadura eman zuten askori (30etik gora) ez zaio hitzarmena aplikatzen, eta beste zenbaitek presiopean sinatu zuten; eta gainera, batzarrean bertan galde-erreguak egitea ukatu zieten langile guztiei. Izango da hori ere gardena eta demokratikoa dela deritzonen bat.

Enpresa urduri dabil ez duelako lortu langileak nekatzea, eta antzerki hori erabili du jendea beldurtu, presioa sartu eta hitzarmenaren negoziazio prozesuari amaiera emateko.

Azkoitiko eta Legutioko prozesuek irekita jarraitzen dute, eta aurrerago, egingo dugu bi negoziazio horien azterketa xeheagoa. Hala eta guztiz ere, garbi utzi nahi dugu benetako negoziazio zintzo, serio eta xantaiarik gabearen alde jarraituko dugula, eta horren aldeko apustu irmoarekin segitzen dugula LAB sindikatutik. Enpresa Batzordearen gehiengoak babestutako proposamena soilik eramango dugu asanbladara, eta beronen gehiengoaren adostasunarekin bakarrik onartuko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.