2024-10-13
HomeEkintza SindikalaKontrabotere sindikalismoa izango da aurtengo Topaketa Sindikalen ardatza

Kontrabotere sindikalismoa izango da aurtengo Topaketa Sindikalen ardatza

LABeko liberatu eta ordezkariei zuzendutako Topaketa Sindikalak egingo ditugu bihar Arrasaten. Ekimen hau egiten dugun bigarren urtea izango da eta 200 kideren partehartzea aurreikusten da. Iaz sindikalismo antirrazistaren inguruko gogoeta egin genuen Oiartzunen. Aurten, kontrabotere sindikalismoaren inguruan ardaztuko dira egun osoz luzatuko diren saioak. Honela, 2022an Baiona eta Miarritzen egin genuen 10. Biltzar Nagusiko erabaki berritzaileenak prestakuntzatik aberasteko bilduko gara aurten ere.

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorraren hitzartze batek emango die hasiera topaketei. Ondoren, bi bloke nagusi egongo dira goizean. Batetik, botere sindikalaren azterketa egingo dute Edurne Larrañaga Celada Ipar Hegoa Fundazioko Azterketa arduradunak eta Asier Etxenike Ugarte Aztiker Soziologia Ikerguneko Ikerketa saileko berrikuntza arduradunak. Ondorengo blokean, sindikalizazio estrategia izango dute hizpide Izaskun Garcia Bordagarai LABeko Antolaketa idazkariak eta Oihana Lopetegi Aranguren Ekintza Sindikaleko arduradunak.

Arratsaldean, 6 tailer izango dira gogoeta eta prestakuntza espazio bezala, LABek irekita dituen lan ildo ezberdinetaz aritzeko. Eta Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak ere hartuko du hitza Topaketen amaieran,

Talde argazki batekin emango diegu amaiera Topaketei, eta Munduko Sindikatuen Federazioaren urtemugaren baitan, elkartasun internazionalista ardatz hartuta, Palestinaren aldeko irakurketa bat ere egingo da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko Udalak berriro utzi du Etxez Etxez Laguntza Zerbitzua multinazionalen esku

Lau urterako lizitatu du zerbitzua hobekuntzetik inbertsiorik egin gabe eta langileen aldarrikapenak kontuan hartu gabe.

Lan egiten zuen enpresaren aurrean salatu dugu astelehenean Funesen hildako langilearen heriotza

Urriaren 7an hil zen 29 urteko langilea Funesen, bezperan makina batek harrapatuta. Azken honekin, gutxienez 45 dira Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak.

Jarrera aldatu eta Gipuzkoako Salgaien Errepide bidezko Garraioaren Hitzarmenaren negoziazioa ahalbidetzea eskatzen diogu GUITRANSi

Gaur egin da Gipuzkoako Errepide bidezko Salgaien Garraioaren Hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilera, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluan. Bilera aurretik, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok mobilizazioa egin dugu patronalaren aldetik ez dugulako benetan negoziatzeko inolako asmorik ikusten.