2024-04-25
HomeEkintza SozialaKalera atera gara 1.080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatzeko, 1260ra iristeko helburua ortzimugan

Kalera atera gara 1.080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatzeko, 1260ra iristeko helburua ortzimugan

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta jendetza batu da gaur Bilbon. Pentsiodunek, astebeteko itxialdi eta baraualdiarekin, pentsio duinen alde egin duten aldarrikapena kalean indartu da gaurkoan. LABek bat egin du bost urte baino gehiagoz aurrera eraman duten borroka horrekin, eta horregatik parte hartu du gaur eguerdian Plaza Eliptikotik abiatu den manifestazioan.

Espainiako Gobernuak eta UGT eta CCOO sindikatuek Espainiako Estatuko pentsioen erreformari buruz adostutako akordioa ezagutu eta egun batzuetara egin da manifestazioa. Erreforma hori, gogora dezagun, LABek urriegitzat jotzen du, eta, horregatik, Euskal Herrian pentsio-sistema propioa aldarrikatzen dugula berresten dugu.

LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok erreformari buruzko bere ikuspuntua azaldu du Bilboko martxan: “Neurri positibo batzuk ikusten ditugun arren, alarguntza-pentsioak hobetzearena esate baterako, uste dugu ez dela nahikoa herritar guztiei pentsio duina bermatzeko. Pentsioak kalkulatzeko 27 urteko aldiaren atzerapen progresiboak kezkatu egiten gaitu”.

Arroyok gaineratu du sindikatuak ez duela inolako asmorik ikusten Zapateroren eta Rajoyren murrizketak iraultzeko: “Ipar Euskal Herrian erretiro-adina 64 urtera atzeratzearen aurka borrokatzen ari garen bitartean, Hego Euskal Herrian 67 urterekin aplikatzen ari dira erretiroa, UGTren eta CCOOren akordioarekin eta euskal gehiengo sindikalaren aurka”.

Hori guztia dela eta, Arroyoren ustez, Madrilen posible ez den hori Euskal Herrian ahalbidetzea izango litzateke irtenbidea. Gaur egun EAEko eta Nafarroako gobernuek pentsioen gaineko eskumen esklusiboa eskatu behar dutela adierazi du, eta euskal herritar erretiratuen gutxieneko pentsioa 1.080 eurora arte osatu behar dutela, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aldarrikatzen duen bezala. Hori litzateke, eman beharreko lehen urratsa, betiere 1260 euroko helburua ortzimugan izanik.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.