2023-12-07
HomeEkintza SindikalaItxiera prozesuaren baitan Elorritxueta-Viveroko adingabeak beste zentro batzuetara bideratu eta gainkarga areagotu...

Itxiera prozesuaren baitan Elorritxueta-Viveroko adingabeak beste zentro batzuetara bideratu eta gainkarga areagotu dute

Beharginek elkarretaratzea egin dute Bizkaiko foru jauregiaren aurrean, eta salatu dute aldundiak zentroa ixteko emandako argudioak ez direla zuzenak. Hala, Galdakaon kokatutako egoitzaren zerbitzua bertan behera uzteak gainerakoen gainkarga baino ez du ekarriko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren zerbitzua eta Emankor Taldearen baitan dagoen Landalan enpresak kudeatzen duen El Vivero Adingabeen Zentroa irailaren 30ean itxiko dute eta 19 langile kaleratuak izango dira.

Aurreko egunetan, egoitzan gelditzen ziren 22 adingabeak Bizkaiko beste egoitza batzuetara lekualdatu dituzte; Loiu, Zornotza, Urduña edo eta Izurzan dauden adingabeen beste egoitza batzuetara, hain zuzen ere. Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte ekintzako buru den Amaia Antxustegi Ziardaren arabera, Inoren kargura ez dauden Adingabe Atzerritarren presentziak behera egin du eta hori da Vivero egoitza ixtearen arrazoia. Baina aipaturiko egoitzak gaur egun gainezka daude. Agintzari kooperatibak Zornotzan zuzentzen duen egoitzak, adibidez, Foru Aldundiarekin 60 plaza hitzartuta ditu eta aste honetan bertan 65 ume inguru dituzte. Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Landalan-Emankor taldeak Elorritxueta-Vivero zentroaren itxiera eta langileen kaleratzeak gauzatzeko emaniko argudioak ez dira zuzenak.

Hala, langileek mobilizazioekin jarraituko dute datozen egunotan. Hala, bihar, hilak 22, 11:00etan elkarretaratzea egingo dute Emankor-Landalan enpresak, Elorritxueta-Vivero kudeatzen duenak, Bilboko Kale Nagusiko 16. zenbakian dituen bulegoen aurrean. Horrez gain, hilaren 27an 08:30ean mobilizatuko dira Gernikako Juntetxean, eta irailaren 29an, gaur bezala, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Lizarran erditzeko zerbitzua itxi izana Osasun Departamentuaren aurreikuspenik ezari egozten diogu, haren utzikeria eskualdeko osasun zerbitzu publikoak desegiten ari baita

LAB sindikatuan hilabeteak daramatzagu Lizarrako Osasun Barrutiko osasun zerbitzu publikoen egoera larria salatzen, eta duela aste batzuk informazio kanpaina bat egin genuen datu ofizialen bidez frogatzen zuena Estellerriko herritarrak sufritzen ari direna egiazkoa dela, eta ez sentsazio hutsa. Orain, aurreko gerentearen kudeaketa tamalgarriak eta Osasun Departamentuaren ekimenik ezak eskualdeko ospitalea erditzeko zerbitzurik gabe utzi dute, zerbitzua berreskuratzeko datarik gabe, bere garaian etxeko ospitalizazioarekin gertatu zen bezalaxe.

Estatuan baino gutxiago ordaindu beharko dutenez, Fortuna Handien gaineko Zergaren inguruko akordioak patronalari eta kapital errentei mesede egiten die

Ditugun eskumenak presio fiskala areagotu eta zerga sistema sakonki eraldatzeko baliatu behar direla uste dugu LAB sindikatuan. Hala, EAJ-PSEren gobernuak Elkarrekin Podemosekin egindako akordioa ez da inondik inora ere nahikoa, eta kontrako norabidean doa.

Salatzen dugu atzo Erandion hildako langileak 66 urte zituela eta bakarrik ari zela soldadura lanak egiten

Lankide, senitarteko zein lagunei elkartasuna adierazteaz gain, lan-erreformek prekaritatea areagotu baino ez dutela egin nabarmendu du sindikatuak, lan-osasuna bermatu behar duten instituzioek gaiarekiko duten axolagabekeria kritikatzeaz gain.