2024-04-20
HomeEkintza Sindikala "Gure lankidea berriz Tasubinsan nahi dugu"

[IRITZIA] “Gure lankidea berriz Tasubinsan nahi dugu”

LABeko ordezkari Oihan Ataunek iritzi artikulu bat idatzi du, Tasubinsako ordezkari baten kaleratzea salatzeko, bai eta berriz onartua izan dadila exijitzeko ere:

Joan den urrian, Tasubinsa enpresak -desgaitasuna duten pertsonentzako lan babestua diruz lagundutako enpresa- langile bat kaleratu zuen, obra eta zerbitzu kontratua amaitu zitzaiola argudiatuta. Judithek hiru urte zeramatzan Tafallako lantegian, eta lankideek LABeko enpresa-batzordeko ordezkari aukeratu zuten azkeneko hauteskunde sindikaletan. 

Garai zailak ditugu laneko eskubideen eta baldintzen defentsa egiteko eta ez da erraza langileek enpresarekin ditugun arazoen aurrean ahotsa eta erreferente agerikoa izateko ahaleginean parte hartzeko urratsa ematea. Ez da erosoa zenbait enpresak ordezkari sindikalen aurka erabiltzen dituzten botereari eta errepresaliei aurre egitea.

Gure ustez, kasu honetan funtsezko hiru gai urratzen ari dira:

Lehenik eta behin, sistematikoa da Tasubinsak eta beste enplegu-zentro berezi batzuek aldi baterako gehiegizko eta iruzurrezko kontratazioa erabiltzea. Enplegu-zentro bereziek 3 urtez izan ditzakete langileak beren plantilletan, eta gero kaleratu. Jakina, ez dute inolako obra edo zerbitzurik egiten, ekoizpenerako beharrezkoak diren egiturazko lanpostuak betetzen baitituzte. Onartezina da horrela jokatzea desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeko diru publikoa jasotzen duten enpresek, ustez haien gizarteratzea eta laneratzea errazteko kontratatzen direnean. Are okerragoa da, kasu honetan gertatu den moduan, jokabide hori eragotzi beharko luketen epaileek onartu egiten badute.

Bigarrenik, desgaitasuna duten pertsonek lanean babes handiagoa izan beharko lukete, baina erabat kontrakoa gertatzen ari da eta, gainera, gizarteratzearen izenean eta Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta. Bistakoa da baina, milioi askoko diru-laguntza horien gaineko kontrol publikoa zorroztasunetik eta etikatik kanpo dago.

Hirugarrena eta azkena. Langileen ordezkariak babestuta daude, ustez bermatzeko ekintza sindikala ez dela kaltebera enpresen errepresalien aurrean. Hemen erabat kontrakoa aurkitu dugu. Tasubinsak argi eta garbi erakutsi du zerrenda sindikaletan aurkeztera “ausartzen” diren langileen aurkako politika. Enpresa honetan ordezkari bati baino gehiagori gertatu zaio politika hori nozitu behar izatea. 

800 langile baino gehiago dituen Tasubinsak ez al du Judith birkokatzeko lekurik? Tafallako lantegian eta beste lantegi batzuetan, kaleratze honen aurretik eta ondoren Tasubinsak ez dio kontratuak egiteari utzi.

LAB sindikatua Tasubinsako Enpresa Batzordean erabakigarria denetik, inoiz lortu gabeko hobekuntzak lortu dira. Nork bere ondorioak atera ditzala! Guk borrokan jarraituko dugu langileen lan-baldintzak hobetzeko eta Zuzendaritzaren autoritarismoaren aurka. Gizarte aurreratu baten betebeharra da desgaitasuna duten pertsonen lan- eta bizi-baldintzak defendatzea eta hobetzea. Ez dugu inolako diskriminaziorik onartuko. 

Judith berriz lanean hartu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.