2024-04-23
HomeEkintza SindikalaGreba egunak deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan ekainaren 30 eta uztailaren 1,...

Greba egunak deitu ditugu Gipuzkoako helduen egoitzetan ekainaren 30 eta uztailaren 1, 14 eta 15erako

Gipuzkoako egoitzetako egoera jasanezina da. 5 urte baino gehiago luzatu den gatazka honi, Covid-19aren izurriteak izan duen eragina gehitu behar diogu. Jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da eta urgentziazkoa da irtenbide duin bat erdiestea: egoerak eskatzen duelako eta sektoreko langile zein egoilarrek merezi dutelako.

Argi dago egoera hau, zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela. Gainera, hau ez da sektoreko langileen eta patronalaren arteko lan gatazka soil bat; gipuzkoar guztioi eragiten digun auzi soziala baizik, kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza lanak baldintzarik duinenetan egitekoa urratuak izaten ari direlako.

Negoziazio mahaiari buruz

2 urteren ostean erabat blokeatuta zegoen negoziazio mahaia aktibatzen saiatu gara, baina patronalaren jarrera (hau da, proposamenik ez egitea) negoziaziorako duen borondatearen erakusle da. Lehenago esan dugun moduan, eta azken negoziazio mahaian frogatu genuenez, patronala oso urrun dago sektoreko egoerari dagokion irtenbide duin bat emateko. LAB sindikatutik salatu nahi dugu, patronalak negoziazio mahaia gatazka betikotzeko erabili nahi duela eta hori onartezina dela.

Halaber Gipuzkoako Foru Aldundiaren erantzukizuna ere azpimarratu nahi dugu; haiei dagokie orain mahaia desblokeatzeko pausuak eman eta irtenbidea erdiesteko proposamenak mahai gainean jartzea. Edukiez hitz egiten hasteko momentua den honetan, borondateetatik haratago, proposamen errealak mahai gainean jarri ezean, ez da aurrera pausurik emango negoziazio pozesuan.

Borroka da bide bakarra

LAB Sindikatutik behin eta berriz errepikatu dugun moduan, Herrialdeko Lan Hitzarmena eta Ratioen hobekuntzak ezinbesteko baldintzak dira gatazka honi irtenbidea emateko.

Sektoreko langileek aurrera daramaten borroka nekaezin eta eredugarria babestu eta presio sozial zein sindikala biderkatzeko unea da. Horregatik, ezinbestekoa izango da langile guztien inplikazio eta elkarlana, batasun sindikaletik hasi eta egoiliarren senideen elkarteen zein mugimendu sozial ezberdinen artean aliantzak eraikitzeraino.

Hori dela eta, ekainaren 30ean, uztailaren 1ean, uztailaren 14ean eta uztailaren 15ean burutuko ditugun greba egunetako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Zaintza lanak aitortu, zerbitzua hobetu!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzak ez du Euskara Plana betetzen eta iluntasunez jokatzen du konpromisorik eza ezkutatzeko

Osakidetzak urteak daramatza bere pasibotasunarekin EAEko osasun sistema publikoa benetan euskalduntzea eragozten. Propaganda engainagarriaz harago, eta bertako langileek beren zereginak euskaraz egin ahal izateko euskalduntze prozesua eragozteaz gain, ez du bermatzen erabiltzaile euskaldunek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidea.

Patronalak negoziazioa bideratu eta grafikagintza sektorean grebak saihesteko atea itxi du

Patronalaren jarrera guztiz immobilistarekin topo egin dugu LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren hamahirugarren bileran.

Desgaitasunaren itunpeko sektorea Nafarroan: atzerapausorik ez gure lan eskubideetan

Nafarroako Gobernuarekin itundutako desgaitasuna duten pertsonen arretarako zentroetako langileok mobilizatu egiten gara VI. sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren egoera publikoki salatzeko.