2025-04-19
HomeEkintza SindikalaGipuzkoako egoitzetako langileek hitzarmen duina exijitu dute

Gipuzkoako egoitzetako langileek hitzarmen duina exijitu dute

Gipuzkoako egoitzetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean, Donostian, hitzarmen duina eskatzeko.

LABen proposamen eta helburua zaintza lanak publifikatzea da, garbi duelako zaintza lanak ezinbestekoak direla eta zerbitzu publikoa direla. Gainera, argi du lan baldintzak okertzen dituena pribatizazioa dela. Batzuek zaintzarekin negozioa egiten dute eta ez dute eskaintza duinik langileontzat. Horregatik, LABek apostu garbia egin du zaintza lan guztien publifikazioaren alde.

Zentzu horretan, Gipuzkoako egoitzetako langileen izaera publikoa aldarrikatu dute gaur Donostian, eta norabide horretan kokatuko den hitzarmena eskatzeko.

Hitzarmenaren negoziaketa ez da ondo hasi. Patronalaren aldetik ez da proposamenik egon, eta sindikatuon proposamenari ezezko borobila eman dio. Egoera ez da berria egoitzetako langileentzat, baina LAB ez dago prest egungo ratioak, kontratu partzialak eta lan baldintza gogorrak onartzeko. Horregatik, Aldundiari deia luzatzen dio bere ardura har dezan, eta behingoz ratioak aldatu eta helduen egoitzen publifikazio prozesua bere gain har dezan.

Era berean, LABek salatu nahi du langileen eskubideen alde egindako borrokagatik LABeko bi kide epaituak izango direla, eta urte eta erdiko espetxe zigorra eskatzen dietela. Egoitzetako hitzarmenaren negoziazioaren barruan egindako mobilizazio batean parte hartzeagatik izango dira epaituak, hilaren 25ean. Egun horretan Donostiako epaitegian epaiketa hori salatzeko deia egiten du LABek.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.