2024-04-19
HomeEkintza SindikalaGarraiolarien lan istripuak sektorean ezartzen diren lan baldintza prekarioen ondorio dira

Garraiolarien lan istripuak sektorean ezartzen diren lan baldintza prekarioen ondorio dira

Aste gogorra izaten ari da langile klasearentzat. Atzo jakin izan genuen Gasteizen, Lakuan, 48 urteko langile bat altueratik erori eta zauri larrien ondorioz zendu zela. Gaur, berriz, Laudioko Guardian enpresako azpikontrata den Oiartzungo Transportes Gexako 47 urteko langile bat hil da, atzo istripu larria izan ondoren, Orozkoko BP gasolindegian, karga gainera erorita.

Euskal Herrian 2021 urtea hasi denetik, gutxienez, 26 langile bizia galdu dute lanean edo lanaren ondorioz.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik hildako bi langileen familia, lankide eta gertukoei gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diegu.

Beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Azpimaragarria da garraio sektorea osatzen duten garraiolari asko autonomoak direla. Gaur egun eta urteetan zehar administrazioen utzikeriak eragindako egoera dela eta, gidari nahiz garraiolarien lan baldintzak oso kaskarrak dira. Lan zama, lanaldi luzeak, kargak eta  deskargak … sektoreak bizi duen egoera oso larria da.

Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen egoeraren ezagun izan arren. Azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripuen gehiengoak errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekaritatea eta desregulazio basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da. Izan ere, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar dituzte.

Askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Garraiolarien lan istripuak ez dira  estatistika ofizialetan azaltzen: errepide istriputzat jotzen dira, hau ere salatu nahi dugu.

Lakuako Gobernuari langileen osasuna lehenesteko eta segurtasuna eta bizitza bermatzeko exigitzen diogu, langileon bizitza eta osasuna erdigunean jarriko dituen politika publikoak garatzea. Horretarako, egungo politiken norabidea aldatzea exigitzen diogu, lan osasun arloan, egiazko politikak bultzatu eta lanari lotu gaixotasunen benetako zergatiei ekinez. Enplegu duina eta kalitatezkoa sortzeak lehentasuna izan behar du Gasteizko Gobernuarentzat .

Politikak aldatzeko garaia da, baditugu alternatibak, borondate politikoa bakarrik falta da. Lan eta bizitza duina bermatu behar da laneko indarkeriarekin amaitzeko, lanetik bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea dugulako. LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileen segurtasun, osasun eta bizitzen alde.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.