2024-04-25
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: “Duela 40 urte eztabaida lapurtu ziguten. Gaur egun, nafarrak dira,...

Garbiñe Aranburu: “Duela 40 urte eztabaida lapurtu ziguten. Gaur egun, nafarrak dira, modu librean, euren etorkizuna erabaki behar dutenak”

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak eta Imanol Karrera Nafarroako bozeramaileak agerraldia egin dute gaur Iruñean, Foruen monumentuaren azpian. Bertan, “Altxa gaitezen! 40 urteren ondoren, egin dezagun posible!” izenburudun adierazpena aurkeztu dute, Foru Hobekuntzaren 40. urteurrenean. Era berean, adierazi dute LABek bat egiten duela bihar Iruñean, 17:30ean Sarasatetik abiatuko den Navarra XXI Nafarroa-k deitutako manifestazioarekin.

Idazkari nagusiak zehaztu du Foru Hobekuntzaren 40 urteak baloratzen dituela LABek adierazpenean. “Bertan, formari dagokionez, kritikatzen dugu Nafarroak ezin izan zuela ezer erabaki ez zelako inolako erreferendumik egon eta edukiari dagokionez, haustura demokratikoaren gure posizioan berresten gara, 78 erregimenaren inpugnazioan”.

“Hobekuntzaren kontrako jarrera, nagusiki eskuduntza mugatuak zituelako gai soziolaboraletan. Eta eskuduntzen falta, mugatu egiten du espazio sozioekonomiko propioa artikulatzeko aukera, lan harremanak eta babes sozialerako esparru propioa artikulatzeko aukera mugatzen du”, adierazi du Aranburuk.

Gaineratu du gai hauek funtsezkoak direla herritarrei bizitza duina bermatu ahal izateko. Eta ezin dela autogobernuaz hitz egin edo autogobernu maila ez dela nahikoa gai hauetan burujabetza osoa izan gabe.

Iraganera beharrean, etorkizunera begira kokatu du adierazpena idazkari nagusiak: “Nafarroak burujabetza berreskuratu ahal dezan eztabaida soziala zabaltzeko ahaleginak egiteko momentua da”.

“Eztabaida eratzaile zabala behar da, herri borondatea izango duena muga bakar. Espainiako Konstituzioak ezin du kortse bat izan herritarrei hitza eta botoa eragozteko. Nafarroako eredu sozial, ekonomiko eta instituzionalaren, Espainiako estatuarekiko eta Euskal Herriko gainontzeko laurraldeekiko harremanaren inguruko eztabaida”.

“Hamarkadetako poltika neoliberalen ondoren, 2008ko krisiaren, pandemiaren eta orain Ukrainako gatazkaren ondoren, kapitala eta lanaren arteko gatazka gogortu egin da”.

“Langileok aldaketak behar ditugu, ez dugu alternatibarik kapitalismoan. Sistema hori bidegabea da sozialki, eta bizi-baldintzak prekarizatu eta desberdintasun sozialak areagotzen ditu. Sistema hori bideraezina da ekologikoki, planeta agortzearen seinaleak ematen ari baita”.

“Zalantzazko uneak bizi ditugu, baina baita ziurtasunenak ere; beste eredu ekonomiko eta sozial baterantz abiatu behar dugu, bizitzaren iraunkortasuna erdigunean jarriko duen eredu baterantz. Trantsizio ekosozialista eta feminista behar dugu”.

“Trantsizio horretan, erronka askori heldu behar diegu. Krisi klimatikoa, bilakaera demografikoa eta zaintzaren asistentzia-eredu berri baten beharra, lan-merkatuaren prekarizazioa eta digitalizazioaren eta adimen artifizialaren ezarpena produkzio-sarean, zerbitzu publikoen desegitea gelditzea eta hauek indartzea, pentsioen sistema publiko bat bermatzea eta aberastasunaren birbanaketa-politiken aldeko apustua egitea”.

“Hori guztia posible egin behar dugu hemen Nafarroan, Euskal Herrian. Kapitalismoaren alternatiba bat eraikitzea mundu mailako kontu bat da, tokian tokikotik bultzatu behar duguna, eraldaketa sozialaren alde eginez eta subiranotasunean aurrera eginez”.

“Nafarroak tresna juridiko-politiko berriak behar ditu erronka horiei aurre egiteko. Hobekuntza berri bat. Nafarroak tresna berriak behar ditu, herri gisa gizartearen gehiengoaren eskaera sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatu eta ahalbidetzeko”.

Aranbururen Arabera, sindikalismo subiranistak ezin dio izkin egin eztabaida horri. “LABek proposamenak egin ditu aldaketa sozialerako hain ezinbestekoa den aldaketa politikorako prozesua bultzatzeko, elikatzeko. Pedagogia hori langileekin egitea dagokigu”, gaineratu du.

“Duela 40 urte eztabaida lapurtu ziguten. Gaur egun, nafarrak dira, modu librean, euren etorkizuna erabaki behar dutenak”, amaitu du LABeko idazkari nagusiak.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.