2026-02-08
HomeEkintza SindikalaEuskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko aldarrikatu du LABek Nafarroako Gobernuaren...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko aldarrikatu du LABek Nafarroako Gobernuaren aurrean

Euskara administrazio publikoetan pairatzen ari den erasoei aurre egiteko eta euskaraz lan egin zein euskaraz artatua izateko eskubidea bermatzeko berme juridikoak aldarrikatzeko dinamikaren barruan, beste mobilizazio aldi bat egiten ari da LAB Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, ELA eta Steilas sindikatuekin batera. Gaur Nafarroako Gobernuaren aurrean mobilizatu da, atzo Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean egin bezala.

Administrazio publikoak interpelatzeko mobilizatu da LAB, Nafarroako Gobernua, udalak, ikastetxe publiko, ospitale publiko eta entitate publikoak interpelatzeko. Izan ere, erakunde publiko hauetan euskaraz lan egitea eta zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubideak arrisku larrian daude eta ez daude bermaturik.

Zer esanik ez Nafarroan euskara ofiziala ez den eremuetan. Izan ere, 39 urteko Vascuencearen Legearen inposizio eta zatiketak lehen eta bigarren mailako herritarrak sortzen ditu Nafarroan, lurralde osoan euskara ofizialtasunik gabekoa izateak ondorio larriak sortuz. Horrela bizitokiaren arabera euskaraz artatua izateko eskubidea eman edo kentzea arautzen du legeak.

Hego Euskal Herriko epaitegietan duela lau urtetik hona bultzatu den oldarraldi euskarafoboak euskararen normalizazioa oztopatu du, eta atzera urratsak eragin ditu. Horrela, CCOOk eta UGTk euskararen normalizazioan aurrera egiteko trabak jartzen jarraitzen dute epaitegietan enplegu publikoko hizkuntza gaitasunen kontrako salaketak eginez eta argudio gezurtiak eta guztiz euskarafoboak erabiliz. Bi sindikatu hauek bazka ematen diete epaile euskarafoboei eta PSN-UPN-PP alderdiekin batera euskara bere garairik ilunenetara itzultzea bilatzen dute, euskara frankismo garaietara eraman nahi dute, eremu publikotik ateraz, urratsez urrats.

Hizkuntza eskubideen eta lan eskubideen arteko dikotomia faltsua elikatzen ari dira. Bidea, ordea, euskara gehiago bultzatzea da, Nafarroa osoan euskara ofizial izateko lege berria sortuz; euskarak kohesio sozialerako zubia izan behar du; euskara ikasteko aukerak eskaini behar zaizkie langile guztiei, azpikontratatuak barne, eta ez alderantziz.

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan gaztelaniak dituen eskubide berberak nahi ditu LABek euskararentzat, ez besterik. Nafarroan, hori lortzeko bidean, honakoa da LABek proposatzen duena:

  • Euskara ofiziala egingo duen lege berri bat.
  • Euskararen kontrako epaiak salatzea.
  • Administrazio publikoan euskararen eta gaztelaniaren ezagutzaren beharra parekatzea.
  • Erabat euskalduntzeko plangintzak adostea, baliabideak eta epeak adostuz, lanpostuak behar duen ezagutza nahikoa bermatuz eta euskaraz lan egin ahal izateko plangintzak eginez.
  • Erabiltzaileek euskara zerbitzu hizkuntza gisa izateko duten eskubidea bermatzea.
  • Pribatizatutako-itundutako eremuetan, langileak euskaraz lan egiteko eskubidea eta erabiltzaileek euskaraz artatuak izateko duten eskubidea bermatu daitezen, zerbitzua ematen duten enpresei euskara planak egiteko derrigortasuna ezartzea plegu bidez. Hau da, hizkuntza klausulen bidez.
  • Lege berria egon bitartean, euskara ofiziala den eremuetan, erabiltzaileentzat euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea derrigorrez bermatzea. Bestetik, euskara ofiziala ez den eremuetan, euskararen ezagutza meritu gisa ezartzea.
  • Lanpostu berri guztiak perfilatuta egotearen bidean, urtero adostea portzentaia bat administrazioan euskara profila duten plaza kopurua handituz.

Horrez gain, aste hauetan Nafarroako Gobernuak langile publikoen estatutu berri baten zirriborroa aurkeztu du, eta bertan ez dira aintzat hartzen aurrez adierazitako aldarrikapenak. Beraz, estatutuan hurrengoa zuzentzea eskatzen dugu: euskaraz lan egiteko eskubidea eta euskara zerbitzu-hizkuntza izateko eskubidea bermatzeko klausulak jasotzea.

Abenduan aurreratu bezala, langileak eta lan zentroak aktibatzen ari da LAB dagoeneko. Atzo eta gaur Hego Euskal Herriko hiriburuetan mobilizatu gara, eta ez gara honetan geldituko. Borroka areagotzera doa LAB.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

6 lan istripu hilgarri Euskal Herrian 2026an

Gaur jakin dugu beste lan-istripu hilgarri bat gertatu dela basogintza-sektorean. Istripua atzo, otsailak 5, gertatu zen, arratsaldeko sei eta erdiak aldera. Dirudienez, zuhaitz batek...

La plantilla de la empresa Froneri de Araia comienza con paros y movilizaciones ante un nuevo ataque a las condiciones laborales

La plantilla de Froneri Araia, antigua Nestlé–Miko, se ve obligada nuevamente a movilizarse ante un ataque directo a sus condiciones de trabajo.  A las puertas...

ELAk eta LABek 11 eguneko greba egingo dute Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean, martxoaren 17an, Euskal Herriko Greba Orokorraren egunean hasita

ELA eta LAB sindikatuek, Bizkaiko Arte Grafikoen sektorean ordezkaritza % 70etik gorakoa izanik, greba deitu dugu martxoaren 17, 18, 20, 23, 24, 25, 26,...