Apirilaren 28an Enplegu Zentro Berezien lehen lan hitzarmena negoziatzeko hirugarren mahai negoziatzailea izango da Bilbon. Sindikatuek, bileraren harira, elkarretaratzera deitu dute, patronalak orain arte izandako jarrera salatzeko eta asteleheneko mahai negoziatzailean aurrera pausoak egoteko. 12:45ean izango da elkarretaratzea, Bilbon, Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean.
13.000 langile baino gehiagok osatzen dute sektorea, eta, urtarriletik hona, sektoreko patronalek EHLABE, BEREZILAN, CONNACE eta FEACEM— ezezkoa eman diote sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko hitzarmen bat eratzeari. Izan ere, mahaia osatzeko izandako aukera guztiei uko egin diete.
Sektoreko enpresa nagusiak irabazi asmorik gabeko elkarteak dira eta dirulaguntza handiak jasotzen dituzte. Beste enpresek irabazi asmoa dute eta irabazi handiak pilatzen dituzte desgaitasunak dituzten langileen kontura. Administrazioek ez dute beren egitekoa betetzen eta ez dira gai desgaitasuna duten pertsonak enpresa arruntetan integratzeko, legeak hala exijitu arren, eta, era berean, ez dute bermatzen langile horientzako hitzarmen duin bat izatea.
Patronalek zein administrazioek ez dituzte aintzat hartzen aniztasun funtzionala duten langileen aldarrikapenak; langileak prekarizatzen dituzte eta enplegu arruntera igarotzeko mugak eta ezintasunak ezartzen dituzte. Are gehiago, beste edozein sektoretan ez bezala, hitzarmen bat negoziatzeko eskubidea ere ukatzen diete.
ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK eta USO sindikatuek sektoreko patronalei mahai negoziatzailea eratu dezatela exijitzen diete. Izan ere, estatalizazioari aurre egiteko eta Euskal Herrian aniztasun funtzionala duten langileen lan baldintza duinak bermatzeko lehen urratsa hitzarmen bat bultzatzea izan behar da. Bestalde, administrazioei hausnarketa bat eskatzen dietegu elikatzen ari diren Enplegu Zentro Berezien ereduaren inguruan, konpromisoak hartu eta baldintzak sortu behar dituztelako aniztasun funtzionaleko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko.